Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

12:30ean

Luis Garde idazle eta poeta, gaur, 'Arte[faktua]' saioan

EITB

Gainera, Juanra Makuso poeta eta Balea Zuria argitaletxearen sortzaileetako bat izango dute gonbidatu.

Poesiaz hitz egingo dute aste honetako 'Arte[faktua]'n Luis Garde poetarekin. Donezteben elkartu dira idazle iruindarrarekin, bereziki Barbaroak baratzean, berriki Literatur Kritika saria jaso duen bere azken lana ardatz hartuta.

Gardek 2004an, 42 urterekin, plazaratu zuen bere lehen liburua. Orain artean guztira zortzi poema liburu eta nobela bat, Ehiztariaren isilaldia izenekoa, kaleratu ditu. Azken honek Euskadi Literatura Saria jaso zuen 2016an.

Berak Juanra Makuso gonbidatu du saiora. Makuso, poeta izateaz gain, sortu berri den Balea Zuria argitaletxearen sortzaileetakoa da Felipe Juaristi, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategirekin batera. Luis Garderen Barbaroak baratzean izan da argitaletxeak publikatu duen lehen poema liburua.

Horrez gain, Danele Sarriugarte, Jon Arretxe eta Alberto Barandiaran idazleek euren libururik kuttunenen berri emango dute.

Bestalde, nobedade diren hiru libururen aipamena egingo da: Xabier Mendigurenen Zu entzuteko gaude, Karlos Cid Abasoloren Keinu konplizeak eta Eneko Bidegainen Lurraldea eta herria.

Idoia Torregarai UEUko Komunikazio arduradunak egin du booktouberra eta Gaizka Baigorri, Donamariako irakurleak, Hegiko bordatik liburua gomendatuko du.

Liburu denden gomendioek, pitxiek eta epilogoak osatuko dute saioa.

'Arte[faktua]' gaur izango da ikusgai 12:30ean eitb.eus-en eta ETB1en.