Itxi

Altxa Txapela

Altxa Txapela

Altxa Txapela

22:00etan

Bertoko arrautza ekoizleen arteko lehia, gaur gauean, "Altxa Txapela" saioan

EITB Media

Lau arrautza ekoizle hartuko ditu Joseba Arguiñanok "Altxa Txapela" saioko azokan, 2000 euroko saria eta txapela jokoan.

0:29

Oilo asko ikusiko ditugu "Altxa Txapela" sukaldaritza lehiaketaren bigarren atalean, arrautza izango baita bertoko ekoizleak aurrez aurre jarriko dituen produktua. Hala, arrautza ekoizleak hartuko ditu aste honetan Joseba Arguiñanok saioko azokan, 2000 euroko saria eta txapela lortzeko lehian.

Arerioek eta Joseba Arguiñanok berak egingo dute produktuen balorazioa, hiru ezaugarri kontuan hartuta: produktua bera, ontzia eta kozinatzeko ematen dituen aukera anitzak. Azkeneko hau baloratzeko, lehiakideek euren produktua protagonista izango duen errezeta bat prestatu beharko dute.

Edozein azokatan bezala, lehiakide bakoitzak bere postua edukiko du, eta bertan jakia erakutsi beharko du aipatutako hiru bertsioetan. Jakiak estalita egongo dira eta Altxa Txapela! esandakoan, azpian ezkutatuta dagoena agerian utziko dute. Lehiakideek beraiek emango dituzte puntuazioak eta Joseba Arguiñanok ere epaile lanak egingo ditu. Puntu gehien lortzen duenarentzat izango da 2000 euroko saria eta... txapela!.

Aste honetako lehenengo lehiakidea Ainhoa Elosegi izango da, Hobea arrautza ekoizlea, Berangon. Ingeniaritza ikasketak egin arren, lana eta familia uztartuko zituen ogibide bat bilatzen zuen Ainhoak, baina baita naturarekiko harreman estuagoa ere. Biak lortu ditu.

Antzeko erabaki bat hartu zuen hurrengo lehiakideak. Jexux Agirresarobek Han Goiko Arrautzak ekoizten ditu Usurbilen. 20 urtez lantegi batean aritu ostean, betidanik erakarri zuen landa-mundura egin zuen salto. Maite duen ogibidea aurkitu du Jexuxek.

Zeanuriko Joseba Bilbaok Etxauri Baserria arrautzak ekoizten ditu. Egoerak bultzatuta bukatu zuen arlo honetan, arotza izateari utzi behar izan baitzion langabezian geratu ostean. Baserriak, baina, ogibide eta bizitza berri bat eman dizkio.

Azken lehiakidea Vanesa Barriuso da, urnietarra. Euskaber arrautzak ekoizten ditu. Gainerako lehiakideak bezala, oraingo lanarekin zerikusirik ez duen esparru batetik dator Vanesa: psikologo lana alde batera utzi zuen, hasieran pentsatuta zeukan bizimodua ez baitzen benetan berak desiratzen zuena.

Kalitatezko lau produktu eta lau lehiakide. Nork irabaziko du txapela? Erantzuna gaur gauean, "Altxa Txapela" saioan, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.