Itxi

Alardea

Alardea

Alardea

22:30ean

"Alardea" telesailaren bigarren atala, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Asteazken gauero izango da ikusgai, 22:30ean.

0:27

Lau atalez osatutako fikziozko minisaila da "Alardea", K2000 (The Mediapro Studio) etxeak ekoitzi duena eta alardearen gatazkan oinarrituta dagoena. Protagonista, Amaia (Itziar Ituño), Haur Eskolako irakaslea, bere herriko jaietako alardean desfilatzeko eskubidearen alde borrokatuko da auzokide talde batekin batera.

Itziar Ituño, Carmen Climent eta Klara Badiolarekin batera, Sara Cozar, Belen Cruz, Amancay Gaztañaga, Amaia Irazabal, Aizpea Goenaga, Jone Laspiur, Iñigo Aranburu, Kandido Uranga, German Alkarazu eta Iñigo Gastesi aktoreek hartu dute parte. David P. Sañudo aritu da zuzendaritza lanetan, berriki Ane bere lehen film luzearekin Donostia Zinemaldian Euskal Zinemaren Irizar saria jaso duen zuzendaria. Blanca Baena da produktore eragilea, eta Arantxa Cuesta, Pablo Tobías eta Virginia Yagüe izan dira gidoilarien taldean.

Uriola fikziozko herrian girotuta, hainbat tokitan grabatu dute telesaila, Urduñan, Zallan, Bakion eta Bilbon, besteak beste, baina Euskadin filmatu da oso-osorik.

Amaia, Edurne eta Jone, emakumeek alardean parte hartzeko borrokan

Gipuzkoan errotuta dagoen jai-desfile honen inguruan azken 25 urteotan izan den gatazkan modu librean inspiratuta, "Alardea" lanak gai unibertsalak eta gaurkotasun handiko gaiak planteatzen ditu, tartean belaunaldien arteko talka, herri txikietako presio soziala eta gizonek duten errekonozimendu eta ikusgarritasun bera lortzeko emakumeen borroka.

Amaiaren bizitza zeharo irauliko da Uriolako emakumeen elkarteak alarde tradizionalean desfilatzeko nahia azaltzen duenean. Erabaki horrekin bat egin ondoren, bere ingurukoak eta familia aurrez aurre izango ditu. Erabakiak, gainera, korapilo eta gatazka handia eragingo dio.

Amaia bere amarekin, Edurnerekin, elkartuko da berriro egoera berezi honetan. Edurne (Klara Badiola) gaixorik dago. Alaba duela 25 urte urrundu zen amarengandik, gurasoak dibortziatu eta denbora batera aita hil zenean.

Amaiak ez du inoiz barkatu amak alarde mistoaren aldeko inplikazioa familiaren interesen aurretik jartzea. Ez dago prest kontu bera errepikatzeko, hain zuzen ere, Aitor (Iñigo Aranburu) senarra burgumaisu eta Jone alaba (Carmen Climent) kantinera izendatzen duten urtean.

"Alardea" telesaila asteazken gauetan izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

("Alardea" telesaileko kartela. Argazkia: EiTB)