telebista
Kaixo 2025
Bulego taldeak 'Gure Bihotzaren Taupadak' Euskaraldiko abestia kantatuko du ETBko kanpaien emanaldian
EITB Media
2025ari ongietorria emateko ekitaldi zirraragarria antolatu du EITBk Gasteizen. Inoiz ikusi gabeko musika eta dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da ETBn urtea hasi eta berehala.
-
Bulego
Gasteizko Plaza Berritik, ohi duen legez, agurtuko du urtea EITBk, zuzenean, ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en, Ilaski Serranok, Julen Telleriak, Leire Martinezek eta Africa Baetak aurkeztuta, Iñigo Agirre eta Egoitz Txurrukarekin batera. Festa handia bilakatuko du EITBk Plaza Berria, eta bertaratzen diren guztiekin, musikarekin, su artifizialekin eta hainbat sorpresarekin esango dio agur 2024ari eta emango dio ongietorria 2025ari.
Hain zuzen ere, gauerdiko kanpaiak entzun ondoren, orain arte Euskal Telebistan inoiz ikusi gabeko musika eta dantza ikuskizuna eskainiko da, Gasteiztik bertatik eta Euskal Herriko talderik handienetako baten eskutik, urteari behar bezala ongietorria emateko: Bulegok 2025eko maiatzaren 10ean hasiko den Euskaraldirako sortutako Gure Bihotzaren Taupadak abestia kantatu eta dantzatuko du. Horretarako, taldekideekin batera, dantzari talde bat arituko da sorpresaz betetako koreografia batekin eta argi efektu ikusgarriekin. Hain zuzen ere, Durangoko Azokan aurkeztu zuen Bulegok abestia, Euskaraldiari begira. Kantu dantzagarria da, euskararen erabilera sustatu, bultzatu eta zabaltzen lagunduko duena. Beraz, 2025a euskaraz eta dantzan hasiko dugu ETB1en eta ETB2n.
Horrez gain, aurten ere deia eta gonbita egin du EITBk: 23:00etatik aurrera, mahatsak eta kotilioi poltsatxoa emango dizkiete Arabako hiriburuko Plaza Berrian bildu eta ospakizunarekin bat egin nahi duten guztiei.
Ilaski Serrano eta Leire Martínez, kanpaietan estreinakoz
ETB1en lehen aldiz, Ilaski Serrano izango dugu kanpaien emanaldian, Julen Telleriarekin, eta Iñigo Agirre izango dute plazan bildutakoei elkarrizketak egiten. ETB2n, berriz, Africa Baetarekin batera, estreinakoz, Leire Martinez aurkezle eta kantaria arituko da, eta Txurruk plazako giroa jasoko du. eitb.eus-en zuzenean eskainiko dira bi emanaldiak. Beste behin, euskal diseinatzaileak arduratuko dira EITBko aurkezleak janzteaz. Ilaski Serranok Getaryren jantzi bat eramango du, eta Julen Telleriak, Neu etxekoa. Iñigo Agirre, berriz, Aldabaldetreku jostundegiak jantziko du. Eder Aurrek Africa Baetaren arropa diseinatu du aurten ere, eta Leire Martinezena lehen aldiz kanpaietan lanean aritu den marka batek egin du: Yolanda Torres. Azkenik, Egoitz Txurrukak, Julenek bezala, Neuren diseinu bat jantziko du.