telebista
Harrera bikaina
"Go!azen"ek ez du hausporik galdu eta babes handiarekin hasi du 11. denboraldia
eitb media
Ikusminez beteriko aurrestreinaldien bira burutu du "Go!azen"ek: Donostia Zinemaldian izan zen lehena, jendez lepo bete zen Belodromoan, eta aurten EITBren eta UEMAren arteko akordioaren bitartez, mankomunitate horretarako udalerrietan proiekzioak egin dira.
-
"Go!azen"ek hausporik galdu gabe, babes handiarekin hasi du 11. denboraldia
Hasiera bikaina izan du EITBren Go!azen telesailaren 11. denboraldiak. Makusin estreinatu zen lehendabizi eta ETB1en ondoren; biek ala biek nabarmentzeko datuak eskuratu dituzte. Azaroaren 15etik, 9.900 erreprodukzio ordu (32,3 mila erreprodukzio) izan ditu EITBren haur eta gaztetxoen plataforman; eta asteburu bakarrean, hots, estreinaldikoan, 6.000 erabiltzailek baino gehiagok ikusi zuten lehen atala.
Handik astebetera, hilaren 22an, ETB1eko eguneko saiorik ikusiena izan zen Euskadin eta % 6,3ko kuota lortu zuen. 4-14 urte bitarteko ikus-entzuleen artean, gainera, % 37,5eko datu ikusgarrira iritsi zen. Nafarroan, berriz, liderra izan zen euskaldunen artean bere ordu tartean, % 22,1arekin.
'Go!azen' telesaileko aktoreak
Hori baino lehen, ikusminez beteriko aurrestreinaldi-bira osatu du Basakabi udalekuko abenturak biltzen dituen EITBren fikzioak. EITBren eta UEMAren arteko akordioa dela medio, Go!azenek mankomunitate hori osatzen duten herrietan egin du aurre-estreinadia, gazteek euskara erabil dezaten sustatzeko. Udalerri euskaldunetan euskarazko ikus-entzunezkoekin dagoen gabeziari aurre egiteko bidean lehen urratsa izan da ekimen hau, eta jarraipena izango du urtarrilean Irabazi Arte! telesailarekin.
Bestalde, Donostia Zinemaldian egin zuen jende aurreko lehen aurkezpen handia, iaz bezala, Belodromoko harmailak jendez lepo zirela. Haren atzetik beste hainbat aurrestreinaldi egin dira: Gasteizko Europa Jauregian Laboral Kutxaren eskutik; BECen, Makusi Jaiaren barruan, eta Iruñeko Baluarten, Nafarroako Gobernuak Euskarabidea (Euskararen Nafar Institutua) bidez babestuta.