Itxi

telebista

Saio berezia

Gazako sarraskian murgilduko da "Ur Handitan" gaur gauean, 'Palestina, gatazka amaigabea' saio bereziarekin

EITB MEDIA

Gatazkan hildako Ivan Illarramendi lehen euskal herritarraren anaiarekin hitz egin du Xabier Madariagak. Urtebeteren ondoren, lehenbiziko aldiz mintzatuko da kameren aurrean, haren azken orduei buruz eta sufrimenduz beteriko hilabeteez.

  • 'Palestina, gatazka amaigabea', urriaren 7an, ''Ur Handitan'' saio berezia

    'Palestina, gatazka amaigabea', urriaren 7an, ''Ur Handitan'' saio berezia

Xabier Madariaga kazetariak aurkeztutako "Ur Handitan" saioa Jerusalemen izan da, Hamasen atentatu lazgarrien eta Gazako sarraskiaren hasieraren urteurrenean. Bildutako testigantza guztiak astelehen honetan, urriak 7, ikusi ahal izango da ETB1en eta eitb.eus-en, 22:20ean, 'Palestina, gatazka amaigabea' atal berezian. Hain zuzen ere, Madariagak orain dela 20 urte elkarrizketatutako pertsonekin egongo da berriz, egoera nola aldatu den ezagutzeko, Palestina eta Israel arteko gatazka ardatz izanda.

Israelen ofentsiba hasi aurretik, 7.000 ziren Gazatik Israelera lan egitera joaten ziren langileak. Urriaren 7az geroztik, haien etxera itzuli ezinik daude, Zisjordanian harrapatuta. Jihad da horietako bat. Israelen lanean harrapatu zuten Hamasen atentatuek, eta 18 egunez kartzelan egon ondoren, Ramallahn dago. Etsipenez pasatzen ditu egunak, familiaren berririk noiz izango duen zain.

1:19

Ekialde Hurbileko gatazka orain ia 80 urte hasi zen, eta azken bi hamarkadetan, bertatik bertara ikusi eta kontatu ahal izan ditu EITBk hango gorabeherak. Horrez gain, gatazkan hildako lehen euskal herritarraren anaiarekin hitz egin du Madariagak. Hamasek modu bortitzean hil zituen Ivan Illarramendi bilbotarra eta haren emazte Dafna Garcovich, Israelgo Kissufim kibutzean. Urtebeteren ondoren, Ander Illarramendi anaiak lehenbiziko aldiz hitz egin du kameren aurrean: Ivanekin zuen harremana, haren azken orduak eta sufrimenduz beteriko hilabeteak izan ditu hizpide, besteak beste.

"Ur Handitan" gai sozial sakonak jorratzen dituen saioa da. Atal bakoitzak errealitate eta ikuspuntu desberdinak erakusten ditu, elkarrizketa pertsonalen bidez. Publiko euskaldunaren erreferentziazko programetako bat bihurtu da, eta laster abiatuko du 9. denboraldia.