Itxi

telebista

El Conquistador

Patxi Alonso eta Lur Errekondo, "El Conquistador del Fin del Mundo"ko 20. edizioko aurkezleak

EITB Media

Euskadiko realityrik arrakastatsuena urtarrilaren 15ean itzuliko da, sorpresaz beteta.

  • Patxi Alonso eta Lur Errekondo

    Patxi Alonso eta Lur Errekondo

Atzerako kontaketa abian da muturreko abentura eskaintzen duen "El Conquistador del Fin del Mundo"ren edizio berriari hasiera emateko. Aurten, hastapenetara itzuliko da, bere 20. urteurrena Argentinako Patagonian ospatzeko, eta, nola ez, Ushuaian, Beagle kanaleko ur hotzetan, munduaren amaierako itsasargi mitikoan jokatuko den finalarekin. 

Oraingo honetan, Patxi Alonsok eta Lur Errekondok gidatuko dituzte konkistatzaile izateko hautagaiak, abenturarik gogorrenean. Realityaren buru jarriko den zeremonia-maisua berria da, eta inork baino hobeto ezagutzen du formatua ETBko programa izarretako baten ekoizle exekutiboa delako eta "El Debate de El Conquis" saioko aurkezle gisa hainbat urte daramatzalako. Urteurreneko edizio honetan, Usurbilgo harri-jasotzailea izango du lagun Alonsok. Lur Errekondok iazko esperientzia errepikatuko du, baina oraingoan atzean utziko du Karibe, baldintza gogorragoei aurre egiteko.

Ikusmina sortu duten nobedadeen artean, Jose Luis Korta eta Juanito Oiarzabal kapitain historikoen itzulera nabarmendu behar da. Bi hamarkada geroago, bikote ikonikoa Patagonian izango da berriz, taldeetan ordena jartzeko. Kortaren eta Juanito "berdaderoaren" eskutik, une historikoak berpiztuko dira programa hasieratik jarraitzen dutenen gozamenerako. 

Edizio berriak ez du inor epel utziko. Ur izoztuetan igeri egitea, mendi malkartsuak eskalatzea, zeroz azpiko tenperaturak jasatea, ibaiaren korronte azkarrari aurre egitea eta janaria, ura eta indarrak dosifikatzea dira muturreko abentura honetan bizirik irauteko gakoetako batzuk. 

Horrenbestez, gaitasun fisikoa, ikaskideekiko bizikidetza, eta hotzarekiko eta gosearekiko erresistentzia funtsezkoak izango dira munduaren amaierako benetako konkistatzaile bihurtzeko, eta parte-hartzaile gutxi batzuek baino ez dute titulu hori izateko ohorea.

20. urteurrenean, gainera, sorpresa ugari izango dira, eta astez aste jasoko dugu horien guztien berri. Hasi da atzerako kontaketa!