telebista
Saio berria
Zirkuaren magiak telebistara egingo du jauzi "Gure Zirkua" saio berriaren bitartez
EITB Media
Duela sei urte Iker Galartzak sorturiko Euskal Herriko lehen zirku ibiltariaren egunerokoa erakutsiko digu, Sua Enparantza aktore eta dantzariaren esperientziaren bitartez. Urtarrilean estreinatuko da ETB1en eta Durangoko Azokan izan da aurrestreinaldia.
-
"Gure Zirkua"ren aurkezpeneko irudia
Gure Zirkuak, Iker Galartzak sortutako Euskal Herriko lehen zirku ibiltariak, sei urte daramatza Euskal Herriko herri eta txokoetan magia, poza eta ilusioa zabaltzen. Orain, euskaraz sortutako ikuskizun mundialak telebistara egingo du jauzi EITBren eskutik. "Gure Zirkua" telebista saioak zirkuko karparen atzean bizi duten egunerokoa erakutsiko digu Sua Enparantza aktore eta dantzariaren esperientziaren bitartez.
Urtarrilean ETB1era iritsiko den programaren aurrestreinaldia Durangoko Azokako Irudienean egin du EITBk asteazkenean (abenduak 6). Bertan izan dira Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendaria, Irati Sarasua "Gure Zirkua" saioko zuzendaria, Ekain Ibarguren malabarista, pailazo eta zirkuko kidea, eta Sua Enparantza, besteak beste.
Sei urteren ondoren, 57 herritan egon da Gure Zirkuko karpa jarrita, eta 210.000 lagunen aurrean aritu dira bertako artistak. Bada, ETBko saioan, euren karabanetako ateak zabalduko dituzte, eta lanbide bat baino, bizitzeko modu bat dela erakutsiko digute.
Zirku ibiltari baten errealitatea nolakoa den ikusiko dugu, baita bertako kideen arteko harremana ere. Eurekin egindako elkarrizketen bidez, gertuagotik ezagutuko ditugu eta haiek egiten duten jardueraren balioa handituko da. Nola ez, zirkuko karpa barruan egiteko duten ikuskizunak aho zabalik utzi du ikuslea, eta hori telebistan ere antzemango da.
Kontakizun honen giltzarria Sua Enparantza izango da, "Irabazi Arte" telesaileko protagonista eta Kukai dantza taldeko kidea. Zirkuan kide berri baten bila ari dira, eta Suak zein abilezia dituen erakutsi beharko du.