albistea
1912ko Galerna
ETBk 'Galerna. Infernua Itsasoan' dokumentala eskainiko du laster
A.H.
EITB
Duela ehun urte, 143 arrantzaleren heriotza ekarri zuen galerna izugarriaren gaineko dokumentala eskainiko du Euskal Telebistak.
Orain ehun urte, 1912ko abuztuaren hamabitik hamahirura bitarteko gauean, Bizkaiko golkoan gertatu zen sekulako galerna batek 143 arrantzale eraman zituen. Euskal Herriko historian ezagutzen den katastrofe natural handiena izan zen. Tragediaren ehungarren urteurrenean, galerna horrek sortu zuen ikara eta hondamendia gertutik bizitzeko aukera emango du 'Galerna. Infernua itsasoan' dokumentalak. Pausoka ekoiztetxearen ikus-entzunezkoa laster emitituko da ETBn.
Duela ehun urteko galerna horrek, portutik 40 miliatara hartu zituen marinelak gau ilunean. Ekaitzak olatu handiak piztu zituen eta garaiko ontzi ahulak bata bestearen atzetik hondoratu zituen. Itsasgainean mantentzen ziren txalupetako arrantzaleek marinel naufragoen oihuak entzuteko gai ziren kasu askotan, baina gauaren iluntasunak eta ekaitzaren gogortasunak ez zien laguntza emateko aukerarik eman. Lehorrean zeudenentzako, senar, seme, neba edo mutil-lagunen gaineko notiziarik ez izateak sortu zuen estutasuna jasanezina bihurtu zen eta egunak pasa ahala gauzak ez zuten hobera jo, hainbat izan baitziren itsasoan desagertutako marinelak eta ontziak.
Azkenean, aurreikuspen larrienak, egi bihurtu ziren: 143 marinel izan ziren hildakoak, gehienak bermeotarrak, baina baziren Elantxobe, Ondarroa eta Lekeitioko marinelak ere. Sekulako tragedia familiarrak eragin zituen galernak eta Bermeoko herria ia mutil gazterik gabe geratu zen. Hondamendi ekonomikoak ere larriak izan ziren, ekaitzak ia hutsean utzi baitzuen bizkaitar kostaldeko arrantzaren oinarri nagusiak: ontziak eta marinelak.
Dokumentalak arrantzaleen ikuspuntutik berreraikiko ditu galerna eta horren ondorengo momentuak ere. Tragediaren ezaugarriak eta nondik norakoak erakutsiko ditu, garai hartako marinelek zer nolako bizitza zeramaten azalduz. Horrez gain, orduko segurtasun aukeren eta alarma emateko sistemen berri emango du; segurtasun premiaren eta lan egin beharraren arteko dilemak marinelei sortzen zizkien zalantzak azalduko dira eta zeukaten babes sozialaren falta izugarria garatuko da.
Ikus-entzunezkoak orduko dokumentuak eta prentsan jasotako informazioa kontuan hartuta, eta katastrofe handian bizirik atera zirenen testigantzan oinarrituta egingo du tragediaren gaineko fikziozko berreraikuntza. Izan ere, Euskal Herriko memoria kolektiboan hainbat arrasto utzi zituen ezohiko galerna horrek: garaiko lekukoen testigantzak, prentsako albiste eta argazkiak, eta gertakari eta biktimen inguruko bertso eta abestiak ere. 'Galerna. Infernua itsasoan' laster emitituko da ETBn.