Itxi

telebista

Fikzioa

Jon Arretxeren eleberrietan oinarritutako "Detective Touré" telesailaren lehenengo irudiak

EITB Media

Mahamoud Touré pertsonaia nagusia hezurmamitzen duen Malcolm Treviño-Sitté aktorearen ondoan ikusiko ditugu Unax Ugalde, Itziar Ituño, Loreto Mauleon, Itsaso Arana, Urko Olazabal, Gorsy Edu, Ayoub El Hilali eta Ane Gabarain.

  • Mahamoud Touré pertsonaia nagusia hezurmamitzen duen Malcolm Treviño-Sitté aktorea

    Mahamoud Touré pertsonaia nagusia hezurmamitzen duen Malcolm Treviño-Sitté aktorea

Jon Arretxe idazle sarituaren eleberrietan oinarritutako "Detective Touré" telesailak duela ia bi hilabetetik egiten ari den filmazioaren lehen irudiak erakutsi ditu. 

David Perez Sañudo (Ane) 2021ean egokitutako gidoi onenaren Goya Sariaren irabazleak eta Carlos Vila Sexta ("Los misterios de Laura") detektibe telesailetan eskarmentu handia duen gidoilariak sortu dute, Flora Gonzalez Villanueva ("Nacho") gidoilariaren parte-hartzearekin. Tornasol Media, DeAPlaneta, Detective Touré AIE, RTVE eta EITBren koprodukzioa da lana, eta Europa Creativa Media programaren babesa jaso du. 

Malcolm Treviño Sitté aktoreak (Lo nunca visto) antzezten du Mahamoud Touré, ikusleen bihotzak bere umore eta abileziarekin konkistatuko dituen detektibe karismatiko eta ohiz kanpokoa. Mota askotako erronka eta misterioei egin beharko die aurre Tourék, eta adimena eta nortasun magnetikoa erabiliko ditu aurkezten zaion kasu bakoitza ahalik eta modu ustekabekoenean argitzeko. 

Malcolm Treviño Sitté protagonistak antzezle lantalde zabala du alboan: besteak beste, Unax Ugalde (No controles), Itziar Ituño (Las buenas compañías, "Intimidad", "La Casa de Papel"), Loreto Mauleon (Los renglones torcidos de Dios, "La Chica de la Nieve", "Patria"), Itsaso Arana (La virgen de agosto, "Las de la última fila"), Urko Olazabal (Maixabel), Gorsy Edu ("Dos vidas"), Emilio Buale (Adú), Goize Blanco (20.000 especies de abejas), Lander Otaola (La vida padre), Ayoub El Hilali ("El Príncipe") Jon Olivares ("Los pacientes del doctor García", "Patria") eta Ane Gabarain (Loreak, "Patria"). 

Loreto Mauleon protagonistarekin

Loreto Mauleon eta Malcolm Treviño-Sitté

Ekaina hasieratik ari dira filmatzen lana Bilbo eta inguruetako zenbait espazio esanguratsutan, tartean Bizkaiko hiriburuko Arriaga Antzokian edo San Frantzisko auzoan. Iraila erdialdera amaituko da grabazioa. 

Jon Arretxeren obraren lehen egokitzapena da telebistarako. Literatur ibilbidea 90eko hamarkadan hasi zuen Arretxek, eta, gaur egun, nobela beltzaren egile handienetako bat da Estatu mailan. Bere liburu gehienak, jatorriz euskaraz argitaratutakoak, bestseller bihurtu dira Euskadin eta Nafarroan. 

Proiektuan aholkulari lanetan aritu dira Lucía Mbomio kazetaria, Espacio Afro-ko kidea eta 2020an APDHE Asociación Pro Derechos Humanos de España elkartearen Komunikazio Sariaren irabazlea, eta Mamadou Ngom, Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundearen bitartekari eta Bilboko Mugimendu Panafrikanistaren koordinatzailea. Afrikako pertsonaiak telesailean irudikatzeko ezagutza eskaini dute. 

Guztira sei atal izango ditu telesailak, eta Esteban Crespo (Black Beach) eta Violeta Salama (Alegria) zinemagileek zuzenduko dituzte atalok. 2024an TVEn eta EITBn estreinatuko da telesaila. 

Intriga, umorea eta pertsonaia kuttunak uztartzen ditu fikzioak, eta hurrengo denboraldiko apustu handienetako bat da pantaila txikian.

Itziar Ituño eta Unax Ugalde

Itziar Ituño eta Unax Ugalde

SINOPSIA 

Bilbon bizi den etorkin ginearra da Touré, eta bat-bateko detektibe gisa bizimodua ateratzen du. Bere trebetasunari, intuizioari eta umore-sen bereziari esker, Ertzaintzaren konfiantza lortuko du, eta harreman horrek ikerketa konplexutan buru-belarri sartzera eramango du Touré, kasu askotan egoera arriskutsuekin: higiezinen ustelkeria kasuak, San Frantzisko auzoko azpijokoak, Nigeriako mafia...

TORNASOL MEDIA 

Gerardo Herrerok eta Javier López Blancok sortu zuten Tornasol 1987an, eta 1999an Mariela Besuievskyk egin zuen bat proiektuarekin. Bere ibilbide luzean 170 film, telesail, film labur eta dokumental baino gehiago sortu dituzte, eta hainbat sari jaso ere. Saritutakoen artean ditugu, besteak beste, Juan José Campanellaren El secreto de sus ojos (2010ean atzerriko film onenaren Oscar saria), Alex de la Iglesiaren Balada triste de trompeta (zuzendaritza onenaren zilarrezko lehoia eta gidoi onenaren Osella Veneziako 67. zinemaldian) edo Rodrigo Sorogoyenen El Reino (2019an zazpi Goya sari, zuzendaritza onenaren eta jatorrizko gidoi onenaren sariak barne). 

2017an, Cuatro estaciones en la Habana filmak Iberoamerikako minisail onenaren Platino saria eskuratu zuen. 2021ean, berriz, "Ana Tramel. El Juego " telesaila estreinatu zuten, RTVE, DeAPlaneta eta ZDF Enterprisesen (Alemania) arteko koprodukzioa; eta telesailak Malagako Jaialdian, Montecarloko Telebista Jaialdian eta Gasteizko FesTVal jaialdian parte hartu zuen. Egun Netflix plataforman aurki daiteke. 

2023an, besteak beste, honako izenburu hauek estreinatu dituzte: Alfonso Albaceteren La novia de América komedia; Gerardo Herrerok zuzendutako Bajo terapia (Malagako Zinemaldian epaimahaiaren zilarrezko sari berezia); eta Alguien que cuide de mí, Daniela Fejerman eta Elvira Lindoren lana. Laster estreinatuko dute Belén Maciasen Verano en rojo eta Simon Casaleren Justicia Artificial

DEAPLANETA 

Zinemarako filmak eta bideo-formatuak erosi eta banatzen ditu DeAPlanetak, DeAgostini eta Planeta Europako bi komunikazio-talde handik bat eginda. Era berean, entretenimenduko edukiak ekoizten eta banatzen dituzte, tartean telesailak, zuzeneko ikuskizunak eta online jokoak. DeAPlanetaren arrakasten zerrendan ditugu 12 años de esclavitud, El médico, Hasta el último hombre, ¿Quién es Quién?, Tres mil años esperándote, Superagente Mackey eta Mediterráneo, besteak beste. Telesailen arloan, DeAPlanetak "Ana Tramel" estreinatu zuen 2021ean, Roberto Santiagoren eleberrian oinarrituta eta Maribel Verdú protagonista zuela. Almudena Grandes idazle ezagunaren "Los Pacientes del Doctor García" bestseller-aren egokitzapena arrakastaz estreinatu zen joan den apirilean TVEko La 1 katean eta Netflixen.