Itxi

telebista

Lehiakide gogokoenaren Finala

Locuras konkistatzailea da ikus-entzuleen lehiakide gogokoena eta 5.000 euroko saria eraman du!

EITB Media

Edizioko irabazleak jaso ditu saioko jarraitzaileen boto gehien. Ilia izan da bigarrena; Hamza, hirugarrena; Etxe gelditu da laugarren postuan; Sojo, bosgarrenean; eta Txoskin, seigarrenean.

3:45
Locuras lehiakide gogokoenaren 5.000 euroko sariarekin

Alejandro López de Silanes "Locuras" Corocote taldeko kidea izan da "El Conquistador del Caribe" saioaren 19. edizioko lehiakideen artean ikus-entzuleek gogokoen izan dutena, eta 5.000 euroko diru-saria eraman du. Bera izan da edizioko irabazlea, eta astelehenean irabazi zituen 20.000 euroei batu zaie sari berri hau. "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren historiako hirugarren lehiakidea da irabazlearen ikurrina eskuratzeaz gain ikus-entzuleen gogokoena izatea ere lortu duena; lehena Gotzon Mantuliz izan zen eta, bigarrena, Mikel Perez. Ilia izan da bigarren gogokoena; Hamza, hirugarrena; Etxe gelditu da laugarren postuan; Sojo, bosgarrenean; eta Txoskin, seigarrenean.

Locurasi aurpegia odolez zikindu zioten Yocahu taldeko kideek abenturaren lehen egunean Corocote indartsuena bera zela uste zutelako, eta abentura osoan zehar Mirandakoa arriskuan egon da. "El Conquis"en historian duelurik gehien gainditu dituen lehiakidea izan da, 6 duelutik onik atera baita. Gainera, dueluotako bat banbuena izan zen, aurretik inork ere gainditu gabekoa. Ezin dugu ahaztu 5 duelu gaindituta zituenean ez zuela inolako beldurrik izan seigarren erronka batera joateko.

Baina dueluetara ez da joan lehiatzera bakarrik; Corocote askoren laguntzailea izan da erronketan. Jendeak gustuko izan ditu taldekideei animoak emateko egiten zituen oihuak eta ematen zizkien aholku onak. Bera pozik zegoen urdinei laguntzen ari zenean.

Bere izaera dela eta ere ziur boto asko eman dizkietela ikus-entzuleek mekanikariari. Ezin ahaztu buruan koko baten kolpea jaso ondoren kanpamentura erdi zorabiatuta iritsi zenekoa, amarekin amets egin eta hark finalean zegoela esan zion unea edo Cynthia neska-lagunari berarekin ezkontzeko eskatu zionean, zuzenean, finalaren egunean.

Bere abenturak une ilunagoak ere izan ditu: Killer7rekin ia borroka egin zuen, Helen "traizionatu" zuen eta bi zigor jaso zituen, gauean janari bila atera zenean eta lo egiteko zakuan ur botila bat aurkitu ziotenean. Dena den, bere akatsak onartu eta barkamena eskatu zuen.

Dena den, inoiz ez du ahaztuko jendeak erakutsi dion babes eta maitasuna. Batek daki "Conquis"era itzuliko den 20. edizioan, dela Corocoteen kapitain bezala edo beste lanen bat egiten… Berak eta ikus-entzuleek gogoz eskertuko lukete.

Ilia, bigarrena

Ezin ahaztu Ilia Uriarte, bigarren lehiakide gogokoena. Abentura hasi aurretik publikoak gogoko zuela erakutsi zion, bera aukeratu baitzuten Gazteako entzuleek 19. edizioan ordezka zezaten. Oñatiarra ahultzat jotzen zuten Guaban taldeko kideetako batzuk, eta bera haserretu egin zen jokoetan parte hartzeko inoiz ez zutelako aukeratzen. Dena den, uneoro erakutsi du ez dela ahula; izan ere, boluntario bezala joan zen duelu bat egitera, eta guztira hiru erronka gainditu zituen. Esan genezake edizioko ahul faltsua izan dela, finalera iristear egon baita.

Hamza, hirugarrena

Hamza El Haddam hirugarren gelditu da ikus-entzuleen lehiaketan. Yocahu taldekoen ile-apaintzaile ofizialak kanpamentuetan taldekideak animatzen zituenetakoa zen. Ezin ahaztu gainerako lehiakideei barre algarak eragin zizkienean bere teoria eroekin edo, barrez lehertuta, onartu zuenean burua galtzen ari zela. Baina "Conquis"en gogortasuna gehien sufritu duenetakoa ere izan da. Ia zalantzarik egin gabe parte hartu zuen kanibalen jokoan musulmana izan arren: edozer gauza Yocahuei laguntzeagatik. Dena den, ezin izan zuen sariaz gozatu, ez baitu txerririk jaten. Ilia bezala, finalaren atarian gelditu da eta abentura Etxerekin haserre amaitu zuen Olaia bozkatu zuelako bera edo Txoskin aukeratu beharrean.

 

Boto emaileei saria

Azkenik, saioaren aplikazioan lehiakide gogokoenaren alde botoa eman duten guztien artean Ternua produktu-bilduma zozkatu dugu. Irabazlea Tolosako Elene Otaño izan da. Ternuako "Conquis"eko bilduma esklusibo bat irabazi du: kamiseta bat, euritarako jaka bat, kirol-jertse bat eta praka teknikoak. Gainera, berak aukeratuko du zein taldeko jantziak nahi dituen: Corocote, Guaban, Atabey ala Yocahu. Zorionak!