albistea
Kirolak
Euskal futbol taldeen denboraldiaurrea ETBn eta eitb.com-en
A.A.
EITB
Gaur Real Sociedad-Eibar partida jarraituko du EITBk.
-
Realeko jokalariak denboraldiko partida batean. Argazkia: EFE
Euskal futbol taldeen denboraldiaurreari arreta berezia eskainiko dio Euskal Telebistak eta webguneak. Emanaldi sorta zabala prestatu du datozen egunetarako.
Iragan ostiraleko Olympique Lyonnais-Athletic partidaren ostean, Realak eta Eibarrek Azpeitian jokatuko duten norgehiagoka eskainiko dute gaur ETB-1ek eta etib.com-ek, 21:30ean. Erretiratu berri den Mikel Aranbururen omenezezko neurketaren kontakizuna Ander Txintxurretak eta Juanan Larrañagak egingo dute.
Telebista eta Internet bidez ikusgai izango da baita ere donostiarren hurrengo hitzordua: Olympique Lyonnaisen aurka, uztailaren 20an, Donibane Lohitzunen. Seaskaren aldekoa izango da hau. Uztailaren 28an Irungo Gal Estadiumean jokatuko den Real Sociedad-Girondins ere eskainiko du ETB-1ek.
Athletic Polonian
Athletic ere hasi da hurrengo denboraldia prestatzen eta ETBk eta eitb.com-ek hainbat partida eskainiko ditu. Joan den ostiralean Olympique Lyonnaisen aurka jokatu ostean, datorren asteburuan lagun arteko torneo batean parte hartuko du Polonian, abuztuaren 2an abiatuko den Europa Leagueko lehen faseari ekin aurretik.
Bertan, talde zurigorriarekin batera, PSV Eindhoven (Holandako Ligan hirugarren sailkatu dena), Benfica (Portugaleko Ligako txapeldun ordea) eta Slask Wroclaw (Poloniako Liga txapelduna) arituko dira.
Hilaren 27an Donibane Lohitzunen jokatuko duen partida ere ikusgai izango da ETB-1en.