Itxi

telebista

EDUKI NABARMENAK

"Arte[faktua]", "Teknopolis", "Hitzetik Hortzera" eta "Oholtzan", larunbatean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Zenbait kirol emanaldi ere izango dira: Paris-Niza lasterketaren 7. etapa, Iruñeko pilota jaialdia eta Nesken Gomazko Paleta Euskal Herriko Elite Txapelketa.

  • "Idiazabal Oholtzan" emanaldia larunbat gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

    "Idiazabal Oholtzan" emanaldia larunbat gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

"Arte[faktua]" – 10:50ean ETB1en eta eitb.eus-en

Aste honetan Izaskun Igoa Jaimerena elkarrizketatuko dute, Hotza bazkatzen (Balea Zuria) poema liburuaz hitz egiteko. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren bosgarren saria irabazi zuen Igoak hamar galderez osatutako poema liburu honekin. Denboraren garrantzia eta bizitzan zehar sortzen zaizkigun galderen lanketa eskaintzen du bertan. "Zein da galdera eta poesiaren arteko diferentzia?" Honetaz guztiaz mintzatzeko, Zigako Etxezuri landetxean egingo dute hitzordua, eta Igoak Andrea Gouraud Alzugarai ilustratzaile eta abeltzaina gonbidatuko du bertara.

"Teknopolis" – 11:30ean ETB1en eta eitb.eus-en

Hegaztiak eta hegazkinak izango dituzte mintzagai aste honetako programan. Hegaztiek nola hegan egiten duten jakitera gerturatuko dira Edorta Unamunorengana Urdaibai Bird Centerrera; eta Svana Rogalla Biofisika Institutuko ikertzaileak lumen kolorea eta hegaldiaren arteko erlazioaz hitz egingo du. Hegazkinen aerodinamikan ere gainazalak eragina du, eta bide horretatik BRTAko Tecnalia, Tekniker eta Cidetec zentroetan egiten ari diren ikerketak ezagutuko dituzte hegazkinak efizienteagoak izan daitezen.

"Kirolak" 13:30ean, 17:15ean eta 17:30ean ETB1en, ETB4n eta eitb.eus-en

13:30ean txirrindularitzako Paris-Niza lasterketaren 7. etapa emititzen hasiko da ETB4n; eta 15:00etatik aurrera ETB1era pasako da zuzeneko emisioa.

17:15ean "ETB Kantxa" saioan bi pilota partida izango dira ikusgai ETB1en Iruñeko Labrit pilotalekutik: lehendabizi, Urrutikoetxea-Iztueta / Agirre-Albisu; ondoren, Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako Elordi-Zabaleta / Peña II-Mariezkurrena II.

 17:30ean, Nesken Gomazko Paletako Euskal Herriko Elite Txapelketa emitituko da ETB4n eta bertan arituko dira Irazustabarrena-Mendizabal / Murillo-Galdos.

"Hitzetik Hortzera" – 21:00etan ETB1en eta eitb.eus-en  

Palestinako emakumeen errealitatera hurbilduko da aste honetako "Hitzetik Hortzera" saioa. Palestinako emakumeak oroimenean izenburuko bertso saioa egin zen Elorrion, UNRWUA Euskadik antolatuta, eta Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Iruri Altzerreka aritu ziren kantuan bertan, Ainhoa Urienen esanetara. Horri lotuta, Macarena Arrieta UNRWUAko langileak azalduko ditu elkartearen eta Palestina Bertsotan ekimenaren nondik norakoa, eta Nadia Nemeh euskal palestinarraren testigantza ere jasoko du Eider Perezek.

Elorrioko bertsoaldiez gain, Senperen Herri Urratsek antolatutako bertsoaldiak ere izango dira aste honetako programan. Azken Txapelketa Nagusiko finalisten bertso saioekin gozatzeko aukera izan zen bertan.

 

"Oholtzan" – 22:00etan ETB1en eta eitb.eus-en / A las 22:00 horas, en ETB1 y eitb.eus

2023ko urtarrilean grabatutako Idiazabalgo XXX. Txistulari kontzertua eskainiko du aste honetako "Oholtzan" saioak. Birigarroa Idiazabalgo txistulari elkarteak antolatuta, bertako txistulariak, abesbatza, dantzariak, musika eskola eta danborrada izango dira taula gainean, Euskal Herriko bazter ezberdinetatik iritsitako beste txistulariekin batera. Gonbidatuak ere aritu dira hitzordu honetan, tartean Garikoitz Mendizabal, Daniel Tomas, Aitor Furundarena, Leire Berasaluze, Kristina Aranzade, Aritz Markinez eta ZIK abesbatza. Boleroak, martxa, kalejira, folk, pop… musika entzungai, herritik herrirako sortutako ikuskizun berezian.