telebista
Zesta-punta
Emakumezkoen Winter Series txapelketa, martxoaren 13ra bitartean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatuko den txapelketak hiru jardunaldi izango ditu eta lau bikote ibiliko dira lehian. Horrez gain, lauko finala jokatuko dute banaka Gernikako gizonezkoen Winter Serieseko lau puntista onenek.
Zesta-puntak Euskal Herrian hasitako ziklo berriaren bultzatzaile eta aliatu bilakatu da EITB Taldea, eta gaurtik aurrera emakumezkoen Winter Series txapelketa eskainiko du Durangoko Ezkurdi pilotalekutik. Lau bikote izango dira lehian: Helena-Eneritz, Maite-Maialen, Arakistain-Frida eta Erika-Arai. Hiru jardunaldi jokatuko dira guztira: bi finalerdi, otsailaren 27an eta martxoaren 6an, eta finala, martxoaren 13an.
Bertan parte hartuko duten pilotarien adina nabarmentzekoa da, oso gazteak baitira denak. Zaharrena Eneritz Lizardi mutrikuarra izango da, 18 urtekoa. Gazteenak, berriz, Erika Mugartegi markinarra eta Frida Watkins zumaiarra dira; batak zein besteak 15 urte beteko dituzte aurki. Gainerako bost puntistak (Maite Ortiz de Mendibil, Maialen Aldazabal, Helena Barrenetxea, Arai Lejardi eta Ihart Arakistain) adin tarte horretan daude.
Astelehenetako emanaldietan, emakumezkoen partidaren ondoren, gizonezkoen banakako neurketak izango ditugu ikusgai. Gernikako gizonezkoen Winter Serieseko lau puntista onenen arteko lauko finala jokatuko da: Imanol Lopez (txapelduna), Xabi Barandika (txapeldunordea), Aritz Erkiaga (iazko txapelduna) eta Johan Sorozabal (lehen aldiz parte hartu du txapelketan).
Iñigo Aiestaranek gidatuko du emankizuna, Antton Alberdi aditua lagun duela. Ane Muruamendiarazek egingo ditu elkarrizketak eta jasoko du pilotalekuko giroa, astelehenero, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.
TXAPELKETAKO EGUTEGIA
Otsailak 27, astelehena
Maite-Maialen vs Arakistain-Frida (15-12, 15-13)
Barandika vs Johan (15-11, 15-11)
Martxoak 6, astelehena
Erika-Arai vs Helena-Eneritz
Erkiaga vs Lopez
Martxoak 13, astelehena
Finalak