Itxi

telebista

Kaixo 2023

Programazio berezia gau berezi batentzat: Urtezahar gaua ETB2n

EITB Media

"Ene!flix" umore saioak, "Ura bere bidean" ikuskizunak eta "Batzen gaituen musika" ikus-entzunezko emanaldiak osatuko dute programazioa.

  • Ura bere bidean 2022

    Ura bere bidean 2022

Larunbat honetan ETB2k umore eta musikaz beteriko programazio berezi batekin agurtuko du 2022 urtea eta ongi etorria emango dio 2023ari. 

Gaueko "Teleberri" albistegiaren ondoren, "Ene!flix" umore saioa emitituko da, zeinetan sketch dibertigarriak emango diren, streaming plataforma bateko eduki menua oinarritzat harturik. Tarte berezi honetan katalogoan zehar zappinga egin eta hainbat telesail, film, dokumental eta telebista saioren inguruko parodiak erakutsiko dira; "Soso en casa", "El juego del calamar a la romana", "Amamazon prime", "Normaland" edo "Cómo conocí a vuestra ama", besteak beste. Bertan Patricia Urrutia, Paco Revueltas, Miriam Cabeza, Borja Perez, Lorea Intxausti eta Ander Rovira aktoreek hartuko dute parte.

Ene!flix 2022

Ene!flix 2022

23:45ean urtea agurtzeko momentua izango da "Kaixo 2023" saioan, África Baeta, Ane Ibarzabal eta Egoitz Txurrukak zuzenean Gasteiztik aurkeztutako kanpaikadekin. 

Kanpaikaden ondoren "Fair Saturday: Ura bere bidean" musika-ikuskizunaren txanda izango da. Bertan, artista ezagunek Fernando Velazquezek konposatutako orkestra bertsioak interpretatuko dituzte, 70eko hamarkadatik hasi eta gaur egunera arte, Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Koral Elkarteak lagunduta. Gonbidatuen artean Zea Mays, En Tol Sarmiento, EH Sukarra, Shinova, Su Ta Gar, Izaro, Mäbu, Amak, Maren, Mikel Urdangarin, Urtz, Gatibu edo Anje Duhalde bezalako artistak ikusiko ditugu, beraientzat bereziak diren abestiei omenaldia egin eta hauek berrinterpretatzen.

Ura bere bidean

Ura bere bidean 2022

2023 urtea gogotsu hasteko, "Batzen gaituen musika" ikus-entzunezko ikuskizunaz gozatu ahal izango da urtarrilaren 1eko goizean. 40. urteurrena ospatzeko gala honetan, EITBren historiaren lau hamarkaden errepaso emozionala egingo da irudiekin eta Euskadiko Orkestrak eta Easo abesbatzak interpretatutako musikarekin. Felix Mendelssohn bezalako maisu handietatik Arnold Schoenberg bezalako konpositore garaikideagoetara doan errepertorioa izango da bertan, Jose Maria Usandizaga, Pablo Sorozabal, Benito Lertxundi, Mikel Laboa eta Kepa Junkera bezalako euskal sortzaileak ahaztu gabe.

Batzen gaituen musika

Batzen gaituen musika 2022

Larunbat gauean ez galdu Urtezahar gaueko programazio berezia, 22:00etatik aurrera, ETB2 eta eitb.eus-en. Emititu ondoren, EITBNahieran plataforman ere egongo dira ikusgai.