Itxi

telebista

Programazio berezia

Rock-and-rolla protagonista ETB2ko Gabon gau berezian

EITB Media

Telebistako adineko musikari talde ospetsuenak gala berezia eskainiko du Gabon Gauean, Leire Martinezek gidatuta, Dann Hoyos eta Afrika Bibangekin batera. Eguberri egunean, Gabonetako "Vascos por el Mundo" saio berezia eskainiko dute Laponian.

  • "Esta es una Nochebuena de Rock&Roll" bereziaren aurkezleak

    "Esta es una Nochebuena de Rock&Roll" bereziaren aurkezleak

"Esta es una Noche de Rock & Roll" talent show dibertigarriaren adineko protagonistek Gabon gaueko gala berezia eskainiko dute ETB2n. Edyk, Josek, Joseanek eta Anak osatutako taldeak telebistan emango duten lehen ikuskizun handia izango da eta artista eta lagunez inguratuta egingo dute. Oholtza gainean ikusiko ditugu, besteak beste, El Consorcio, Alex Sardui, Aurora Beltran, Twin Melody eta Iñigito Txapelpunk.

Leire Martinez La Oreja de Van Gogh taldearen abeslariak aurkeztuko du Gabonetako gala berezia, Dann Hoyos eta Afrika Bibangekin batera. Alde batetik, denetariko abestiak kantatu eta dantzatuko dituzte; eta, bestetik, musika taldeak azken asteetan bizi izan dituen momenturik onenak gogoratuko dituzte. Euren ametsa egia bihurtzeko asmoarekin elkartu ziren, eta Gabon gauean, benetako talde bilakatuta arituko dira agertoki gainean.

Musika-taldea Alex Sarduirekin batera oholtza gainean.

Musika-taldea Alex Sarduirekin batera oholtza gainean.

Sorpresaz beteriko gala izango da, eta denok ezagutzen ditugun abestien bertsioak eskainiko ditu. "Teleberri" albistegiaren bigarren edizioaren ondoren eskainiko da saioa 22:00etatik aurrera ETB2n eta eitb.eus-en.

Iñaki Urangaren "Tengo un Sueño"

Ondoren, 23:00etan, Iñaki Uranga musikariaren "Tengo un Sueño" ikuskizuna eskainiko du ETB2k. Swing eta crooner estiloetako abestien emanaldia da, bere aitaren omenez sortutakoa. Amaia eta Estibaliz ahizpekin eta Allende eta Maria bilobekin igoko da Iñaki oholtza gainera. Familiaren musika-banda osatzen duten abestien emanaldia da, Iñakiren aitak swing estiloarekiko eta Amerikako abeslari handiekiko zuen zaletasuna erakusten duena.

 "Vascos por el Mundo" Laponian

Eguberri egunean, Pedro Mardones kazetaria eta Juan Sisto kameralaria Finlandiako Laponiara abiatuko dira misio berezi batekin: Bizarzuri aurkitu behar dute, Euskal Herriko haurren opari bat emateko. Misio hori ez da batere erraza izango, eta "Vascos por el Mundo" saioko taldeak hainbat abenturari aurre egin beharko dio Finlandia iparraldeko eskualde horretan.

Aurora borealen magiak gidatuko du saioa, dena posible den gabonetako ipuin horretan. Rovaniemin, Laponiako hiriburuan, Bizarzuriren etxe ofiziala dago, ametsak egia bihurtzen diren tokia; eta, hasteko, bertara hurbilduko dira. Halaber, Rudolph ezagutuko dute, eta bere leran ibiliko dira. Gainera, Elfoen baso sekretuan barrena murgilduko dira, eta Bizarzuriren opari fabrikan opariak egiten lagunduko diete elfoei.

Ilusioaren eta magiaren mundurako bidaia honetan, muturreko esperientziak ere biziko dituzte: laku izoztuetako ur hotzetan bainatuko dira, hartz polarrak ikusiko dituzte eta Zirkulu Polar Artikoan husky txakurrek tiratutako lera batean ibiliko dira.

"Vascos por el Mundo: Laponia" igandean izango da ikusgai abenduaren 25ean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.