Itxi

telebista

ETB1en eta eitb.eus-en

"Kaixo 2023", Nerea Reparaz, Julen Telleria eta Aitziber Garmendiarekin, euskal diseinatzaileek jantzita

EITB Media

Gasteizko Plaza Berritik egingo du EITBk aurten ere urteko emanaldirik bereziena. Su artifizialak ere izango dira. ETB2n, Africa Baeta, Ane Ibarzabal eta 'Txurru'ren kontakizunaren bidez jarraitu ahal izango dira kanpaiak.

  • Nerea Reparaz, Julen Telleria, Aitziber Garmendia, Africa Baeta, Ane Ibarzabal eta 'Txurru'. (EITB)

    Nerea Reparaz, Julen Telleria, Aitziber Garmendia, Africa Baeta, Ane Ibarzabal eta 'Txurru'. (EITB)

Euskal moda eta su artifizialak izango dira EITBk Gasteiztik eskainiko dituen kanpaien emanaldiaren osagai nagusiak. Euskadiko hiriburutik egingo du aurten ere EITBk Gabon Zaharreko kanpaien zuzeneko emankizuna, ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en, Plaza Berritik, zehatzago esateko. EITBtik deia egin nahi dugu Urte Zahar gauean jendea bertara bildu dadin, eta emozioz beteriko kanpaien emanaldia eta Gasteizko bihotzetik urtea agurtzea ohitura bilakatu dezagun.  

ETB1erako Nerea Reparaz "Gaur Egun" albistegiko astegunetako gaueko edizioaren aurkezleak, Julen Telleria Gazteako esatariak eta Aitziber Garmendia aktore eta aurkezle ezagunak gidatuko dute zuzen-zuzenean "Kaixo 2023" saio berezia abenduaren 31n. 

ETB2n, berriz, Africa Baeta astegunetako eguerdiko "Teleberri"ren aurkezlearen, Ane Ibarzabal "Nos Echamos a la Calle" magazinaren gidariaren eta Egoitz Txurruka "Esto No Es Normal" saioko aurkezlearen kontakizunaren bidez jarraitu ahal izango dira kanpaiak.

Euskal diseinatzaileek jantziko dituzte EITBko aurkezleak: Getary etxeko Iraia Oiartzabalek eta Ane Areitiok Aitziber Garmendia eta Nerea Reparaz; Eder Aurrek Africa Baeta eta Ane Ibarzabal; Neuko Julen Imazek 'Txurru'; eta Aldabaldetreku jostundegiak Julen Telleria. Oinetakoak, berriz, Customeus eta Lli&yourenak izango dira, eta bitxiak Alex Vallejo Joyeros etxeak utziko dizkie. 

01:28

Kanpaien ondoren su artifizial saio batekin emango diote hasiera urte berriari EITBko bi telebista kanaletan, eta sei aurkezleek elkarrekin itxiko dute saioa, 2023ari ongietorria emanez.

"Biba 2023!" eta "Ura bere bidean" programazio berezian 

Kanpainen aurretik eta ondoren saio bereziak izango dira ETBn. ETB1en kanpaien aurretik "Go!azen"en lantaldeak landutako musika saioa eskainiko da, eta ondoren "Biba 2023!" musika gala berezia izango da ikusgai ETB1en. Maddalen Arzallus, Xabier Sukia eta "Biba Zuek!" programako kolaboratzaileek landutako tiktok formatuko klipak kateatuko dira kanpaien aurretik. Kantuaren prestaketak, karakterizazioa, emozioak eta umorea erabiliko dituzte musika-klip hauetan. Kanpaien ondoren, euskal artista eta musika taldeak batuko dira "Biba 2023!"ra: besteak beste, Neomak, Dupla, Süne+ Rikki, Bengo, Korrontzi, Janus Lester, Demode Quartet, Gozategi, Modus Operandi, Xabi Solano, Albina Stardust+ Yogurinha Borova eta Xabier Saldias. 

ETB2n, berriz, gaueko "Teleberri" albistegiaren ostean, film ezagunen tituluekin jokatuz, "Eneflix" umore eta esketx programa berezia eskainiko da. Kanpaien ondoren, bestalde,  "Ura bere bidean" ikuskizun handiaren txanda izango da. 20 bat artista nabarmenek Fernando Velazquezek konposatutako orkestra-bertsioak interpretatuko  dituzte Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearen eskutik. Oholtza gainean izango dira, Gatibu, Zea Mays, Mikel Urdangarin, En Tol Sarmiento, Mäbu, Izaro, Anje Duhalde, Amak, Shinova, Maren, Urtz, EH Sukarra edo Su Ta Gar bezalako euskal artista ospetsuek 70eko hamarkadatik gaur egunera arteko kantuen orkestra-bertsioak eskaintzen.