telebista
22:00etan
Euskaraldiaren inguruko "Dailobit" saio berria, gaur gauean ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Leire Palaciosek eta Alessandro Ruttak hainbat herritarrek euskararekin izan duten harremana ezagutuko dugu Euskal Herri osoan zehar.
Euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, Euskaraldiaren inguruko "Dailobit" saio bereziak izango dira ikusgai azaroaren 27an eta abenduaren 4an, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en. Euskaraldiaren gaineko bi begirada ezberdin eskainiko ditu saioak: alde batetik, Leire Palacios kazetariarena; bestetik, Alessandro Rutta italiar euskaldun kazetariarena.
Bata komunikatzailea eta kulturgilea da, bestea, atzerritar euskaldun berria. Bien abiapuntua ezberdina izanda ere, bakoitzak bere begirada eskainiko du, eta Euskaraldiak batzen dituen istorioak eta bizipen pertsonalak gerturatuko dizkigute bi saioetan.
Lehen atala
Aste honetako atala Oiartzunen hasiko da. Hasteko, Murtzian, Lorcan, jaio arren euskaldun peto-petoa sentitzen den Laura Rerekin egongo dira. Duela lau urte etorri zen Euskal Herrira, euskara ikasi, eta, gaur egun, ehuneko ehunean bizi da euskaraz.
Bestalde, Bidasoa eskubaloi taldeko jokalari eta langileekin izango da saioa, horien artean: Julen Aginagalde, Ekaitz Retamosa, Thomas Tesoriere eta Victor Rogriguez.
EITBko Bilboko egoitzan ere izango dira, euskara ikasi eta gaur egun haien lanbide bihurtu duten Andrea Arrizabalaga eta Dani Alvarez kazetariekin.
Saioan ezagutuko dituzten beste gonbidatuak honakoak izango dira: Peio Ardaiz (Iruñea), Josu Iturri (Arroitz), Dylan Inglis Bristolgo gaztea (Donostia) eta Flavio Banterla musikari italiarra (Zaldibia).