telebista
Estreinaldia
"Trío de Ases" lehiaketa berriaren estreinaldia, gaur gauean, Javi Sierrarekin
EITB Media
Hiru jatetxetako jabeak euren artean lehiatuko dira hiru adituren laguntzarekin: Zuriñe Garcia Michelin izardun sukaldaria, Alex Duke sukaldari youtuberra, eta Anais Iglesias irakaslea. Saioari izena emango dion bateko hirukotea osatuko dute hiru adituek Javi Sierra aurkezlearen gidaritzapean.
-
Javi Sierra eta saioko hiru adituak.
Gaur gauean, Euskal Telebistak "Trío de Ases" lehiaketa gastronomiko berriaren estreinaldia eskainiko du. Zailtasunak dituzten hiru jatetxek hartuko dute parte astero, sari ekonomiko erakargarri bat irabazteko asmoz.
Javi Sierra sukaldariak gidatutako saio honen berrikuntza nagusia honakoa da: lehiakideek hiru adituren laguntza izango dute, jatetxearen egoera aztertu eta zein aldaketa egin behar dituzten esateko. Euren lan onagatik eta naturaltasunagatik nabarmentzen diren adi dira: Zuriñe Garcia, Michelin izarra duen sukaldaria; Alex Duke, sukaldari eta youtuberra, eta Anais Iglesias, Basque Cullinary Centerreko irakaslea.
Programaren izenburuari erreparatuz, Garcia bateko bihotza izango da; Duke, bateko bastoia eta Iglesias, bateko diamantea. Bakoitza jatetxe baten aholkularia izango da eta egin beharreko aldaketak proposatuko dizkio. Ondoren, lehiakide zein adituek gainontzekoen proposamenak entzungo dituzte. Saioaren amaierako poker partida berezian, jatetxe zein aditu bakoitzaren balorazioa egin beharko dute, 3.000 euroko saria nork irabaziko duen erabakitzeko.
"Trío de Ases" erritmoz beteriko saioa da, sorpresaz betea. Ikus-entzuleek lehenengo momentutik jasoko dute umorez, entretenimenduz, emozioz eta sukaldaritza onenaz jositako errezeta hau.
New Media Digital ekoiztetxeak sortutako formatu originala da, eta astelehenero izango da ikusgai 22:30ean ETB2n eta eitb.eus-en
Lehen atala
Javi Sierraren gidaritzapean eta hiru batekoen laguntzarekin, lehiakideek daukaten onena eman beharko dute norbere jatetxeak saria merezi duela erakusteko.
Lehen lehiakidea Jon Estibaliz, Zuian kokatuta dagoen Atabaka jatetxearen ordezkaria, izango da. Anais Iglesias bateko diamantearen laguntzarekin, negozioa kudeatzeko dituen arazoei aurre egiten saiatuko da.
Saioan parte hartuko duen bigarren jatetxea Aguraingo Dana Ona izango da. Maider Aguirre jabeak karta berritu eta lokalean hainbat aldaketa egin nahi ditu. Eginbehar horretan lagunduko dio Alex Duke bateko bastoiak.
Amaitzeko, Artean kokatuta dagoen Ustrukue jatetxearekin lehiatuko da Zuriñe Garcia bateko bihotza. Eskaintza gastronomikoa hobetzen lagunduko dio Esti Murgiari.
Javi Sierra.