telebista
22:15ean
Moravia eta Silesia, gaur gauean "Vascos por el Mundo" saioan
EITB Media
Txekiara egingo du bidaia saioko lantaldeak. Besteak beste, Olomouc, Brno eta Ostrava bisitatuko dituzte bertan bizi diren Janire, Alazne, Oihane, Mikel eta Iker euskaldunen eskutik.
-
Germán Martínez, "VXM" saioko erreportaria. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
Igande honetako "Vascos por el Mundo" saioak Moravia eta Silesia bisitatuko ditu, Txekiako zonalderik ezezagun eta harrigarrienetakoak. Germán Martínez erreportaria eta David Cruz eta Juan Sisto kamerariek hainbat hiri eta herri deskubrituko dituzte, han bizi diren Janire, Alazne, Oihane, Mikel eta Iker euskaldunen eskutik. Hiri historikoak, industriari lotutako iragana duten tokiak, unibertsitate munduan gune esanguratsuak, koba karstikoak… horiek eta gehiago ezagutuko dituzte aste honetako bidaian.
Elizgizon eta soldaduei lotuta egondako hiri historikoa da Olomouc, harresiz inguratuta, eta bertako tokirik esanguratsuenak bisitatuko dituzte, tartean San Wenceslao katedrala.
Brno, berriz, Moraviako hiriburua da, eta Europa mailan gune esanguratsua unibertsitate munduan. Izan ere, hogei eta hamar fakultate baino gehiago ditu eta, besteak beste, euskara eta Euskal zinemaren historia ikasi daiteke bertan.
Txekiako hirugarren hiririk handiena dugu Ostrava eta, neurri batean, sobietar ukituari eusten dio oraindik bertako eraikuntzetan. Herrialdeko industria jardueraren bihotza izan da meatzaritza eta metalurgiari esker, eta siderurgiako antzinako espazio batzuk kultura zentro bihurtu dituzte.
Bertako ardorik onena ekoizten duen Mikulov hirian ere izango dira, eta Javorícko herria ere bisitatuko dute, kobazulo karstiko ikusgarriekin. Bouzovera joango dira hango gaztelu ikusgarria bisitatzera, eta Nový Jicín ere jomuga izango dute, kapelak egiteko tradizio handia duen herrixka. Ez da faltako Stramberckera bisitatzea, bertako artisau-gozoak probatzeko, eta bidaia bukatzeko bizikletan osteratxoa egingo dute Ostravice zeharkatzeko.
"Vascos por el Mundo: Moravia eta Silesia" gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.