telebista
22:30ean
"Falsos Mitos" saioaren atal berriak, gaur hasita asteazkenero, ETB2n eta eitb.eus-en
EITB Media
Uda honetan, Toscana Viar nutrizionistak, Iñaki Andradas sukaldariak eta Eli Pinedo kirolari olinpikoak dietari eta kirolari buruz zabaldu diren sinesmen eta mitoak hautsiko dituzte.
-
"Falsos Mitos" saioaren irudi bat, EITB Mediaren bideo batetik ateratakoa
EITBk "Falsos Mitos" saioaren atal berriak estreinatuko ditu gaur gauean. Astero, gure dietan ohikoak diren elikagaien eta kirol-praktika jakin batzuen gainean zabaldu diren sinesmen eta mitoak baztertuko ditu programak.
Azukrearekiko menpekotasuna al dugu? Edari energetikoak osasunerako kaltegarriak dira? Agujetak kentzeko konponbide magikorik badago? Tripa jaisteko modu bakarra abdominalak egitea al da? Kirola baraurik praktikatzea hobea al da?
Galdera horiei eta beste batzuei erantzuteko, "Falsos Mitos" saioak hiru ikerketa eskainiko ditu astero, ikerlari lanak egingo dituzten maila handiko hiru aurkezleren eskutik: Toscana Viar, Athleticeko eta Espainiako futbol selekzioko nutrizionista; Iñaki Andradas, sukaldari ezaguna, eta Eli Pinedo, eskubaloi jokalari profesional eta kirolari olinpiko ohia.
Era berean, Bittor Rodriguezek, Elikagaien Zientzia eta Teknologian doktore eta EHUko Farmazia Fakultateko irakasleak, unibertsitateko laborategian egindako esperimentuen bitartez, ikerketan aurrera egiten lagunduko die hiru aurkezleei. Gainera, elikaduraren eta kirolaren munduan hedatu diren fake news eta gezurrak baztertzeko, aditu ezberdinekin elkarrizketak egin eta egiaztapenak burutuko dituzte pertsonalki eta lekuan bertan.
Programa honetan, egiazko informazioaren eta kontsumitzeko eta kirola egiteko ohitura onen aldeko herritarren formakuntza sustatu nahi du EITBk, orain arte dietari eta kirol-jardunari buruz egiazkoak ez diren uste eta sinesmenekin amaitzeko.
Gaurko atala
Gaurkoan, aurkezle bakoitzak ikerketa bat egingo du. Hasteko, tipulaz arituko dira; zergatik eragiten digu negarra? Iñaki Andradas sukaldariak pertsona gogorrenek ere tipularekin negar egiten dutela egiaztatuko du Josu Trevijano eta Josu Sedano motozaleekin. Bestalde, gaia sakonean aztertuko du Julene Iza fruta saltzailearekin eta Ana Mari Llaguno Zallako nekazariarekin.
Bestalde, Toscana Viar nutrizionistak edari energetikoak osasuntsuak diren ala ez ikertuko du. Horretarako, Aitor Mauleon gimnasio bateko instruktorearekin, Bittor Rodriguez Elikagaien Zientzia eta Teknologian dotorearekin eta Iratxe Urkia Farmaziako fakultatean doktoratua egiten ari den ikaslearekin arituko da, besteak beste.
Amaitzeko, Eli Pinedo eskubaloi jokalariak kirolariek zer jaten edo jaten ez duten aztertuko du. Kirola baraurik praktikatzea hobea al da? Besteak beste, Sara Maldonado Ariketa Fisiko eta Kirolen Zientziatan doktoreak, Eneko Van Horenbeke osteopata eta arraunlari profesionalak, eta Julen Erauzkin Basque Team taldeko kirol-teknikariak lan honetan lagunduko diote.
Ez ezazu galdu "Falsos Mitos" saioa, asteazkenero, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.