Itxi

telebista

22:15ean

Indonesiara egingo du bidaia gaurko "Vascos por el Mundo" saioak

EITB Media

Fanny Boehm erreportariak eta Javier Quiles kamerariak Lombok, Yakarta eta Bali bisitatuko dituzte bertan bizi diren Asier, Monica, Natalia eta Oskar euskaldunen eskutik.

  • Fanny Boehm, Indonesian

    Fanny Boehm, Indonesian. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Gaur, uztailak 10, Indonesiara egingo du bidaia "Vascos por el Mundo" saioak Asiako hego-ekialdeko harribitxia ezagutzeko. 17.000 uharte baino gehiago ditu Indonesiak, eta bertan ez dira falta hondartza ikusgarriak, arroila erraldoiak, baso tropikalak eta sumendiak. Fanny Boehm erreportariak eta Javier Quiles kamerariak Lombok, Yakarta eta Bali bisitatuko dituzte, bertan bizi diren Asier, Monica, Natalia eta Oskar euskaldunen eskutik.

Jainkoen uhartea bezala ezaguna da Bali, eta kultura hinduaren erdigunetzat jo daiteke, hamar mila tenplu baino gehiagorekin. Horrez gain, surfaren nazioarteko jomuga garrantzitsuenetako bat ere bada, eta Indonesiako uharterik entzutetsu eta turistikoena da. Asier bilbotarraren eskutik ezagutuko dugu Bali. Surf zale amorratua da Asier, eta olatu ikusgarriek erakarrita iritsi zen bertara, orain 18 urte. Monica donostiarra ere surfak bultzatuta iritsi zen Indonesiara orain hamar bat urte, eta "VXM"ko lantaldeari Ubud eta inguruak erakutsiko dizkie Bali barnealdean.

Aste honetako beste jomugetako bat Lombok irla izango da, eta hango hondartza basatiak, koralezko arrezifeak, ur-jauzi ikusgarriak eta sumendiak. Sopelatik iritsitako Nataliarekin deskubrituko dituzte altxor horiek guztiak, bertan hotela ireki baitzuen orain hiru urte beste bi lagun euskaldunekin batera.

Yakarta hiriburuan ere izango dira Fanny eta Javier, mundu mailako hiririk jendetsuenetako batean, eta Oskar debatarra izango dute bidelagun. Hamar urte daramatza Yakartan Oskarrek, eta jatetxe bat ere badu erdigunean.

"Vascos por el Mundo", gaur, 22:15etik aurrera ETB2n eta eitb.eus-en.