Itxi

telebista

17. atalaren aurrerapena

Atabey taldearen biziraupena, gaur gauean "Conquis"en ikusiko dugun tirolinatik zintzilik

EITB Media

Atabeytarrak ongi eta grinatsu aritu beharko dira tirolinaren immunitate jokoan taldea desagertzea nahi ez badute. Ez galdu, gaur, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

  • Tirolinaren jokoaren aurrerapena

    Tirolinaren jokoaren aurrerapena. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Ianire kanporatu ostean, kanpamentuan biolin-soinua entzuten hasi dira Atabey taldeko kideak, Titanic ontzian baleude bezala. Talde berdea hondoratzear dago, egoera kritikoan: indarrik eta adorerik gabe daude, eta kamiseten berdea ere beltzen ari zaiela dirudi. Giro txarra duten arren, Nakorrek gerlariak animatu nahian jarraitzen du besarkadak emanez eta ongi ari direla esanez. Baina kapitainek badakite testamentua prestatu beharko dutela Atabey taldea desagertzen denerako. Jokoak ongi amaitzea eta grinatsu aritzea falta zaie berdeei. Jakin badakite irtenbide bakarra arerioak txikitzea dela, eta oraingoz beraien artean hasi dira entrenatzen; izan ere, taldekideen artean liskarrak izaten hasi dira. Hobe dute jenio bizi hori immunitate probarako gordetzea, beharko dute eta!

Datorren astelehenean, tirolinaren immunitate jokoan lehiatuko dira konkistatzaileak. Baina adi ibili beharko dute, soka urkamendi bilakatu baitaiteke gorrientzat eta berdeentzat. Yocahu taldeko kideak jan gabe igarotako egun guztiak nabaritzen hasi dira. Intsektuen ziztadek ere normalean baino min handiagoa egiten diete lehiakideei. Gorputzetan gasolina falta handia dute, eta tirolinatik erraz erortzeko arriskuan egongo dira, kakoan eskegitako galtzerdiak bezala. Dena den, Ibanek eta Jokinek abantaila txiki bat dute, azken dueluaren ostean entrenatuta baitaude.

Energia soberan dutenak Corocote taldeko kideak dira, Karibeko alderdirik atseginenaz gozatzen ari baitira. Badirudi oporretan daudela: janaria, giro ona eta egun osoan zehar tronpeta-doinuekin dantzan. Ez ote zaie gertatuko atsotitzak dioena? "Ibiltari gauean, logale goizean".

Immunitate joko klasiko bat, bilera bat eta lehiakideen zentzumen guztiak erne jarriko dituen duelua, astelehenean, "El Conquistador del Caribe" saioaren 17. atalean.

"El Conquistador del Caribe" astelehenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n, eitb.eus-en eta "El Conquis"en aplikazioan. Gainera, atal guztiak ikus daitezke EITB Nahieranen, saioaren eta EITB Nahieran aplikazioetan eta EITB Mediaren gainerako plataforma digitaletan.