Itxi

telebista

22:15ean

Frankfurten izango da, gaur gauean, "Vascos por el Mundo" saioa

EITB Media

Fanny Boehm erreportaria eta Ruben Ruiz kameraria hiriko zentro historikoan izango dira, Bigarren Mundu Gerraren ondoren berreraikitako Erdi Aroko gunean. Hiriko finantza-eremua ere ezagutuko dute eta Heidelberg eta Kronberg bisitatuko dituzte, bertan bizi diren bost euskaldunen eskutik.

  • 'VXM' Frankfurt hirian

    'VXM' Frankfurt hirian. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

ETB2ko "Vascos por el Mundo" saioa Alemaniako Frankfurt hirian izango da gaur gauean, kontrastez betetako tokia. Alde batetik, Erdi Aroko zentro historiko berezia du, Bigarren Mundu Gerran suntsitu ondoren berreraikitakoa. Bestalde, Alemaniako finantza-gune garrantzitsuena dauka, eta bertan daude Europako Banku Zentrala eta munduko hirugarren burtsa garrantzitsuena. Izen bereko saltxitxa ospetsuengatik ere da ezaguna hiria. Fanny Boehm erreportariak eta Ruben Ruiz kamerariak bertara egingo dute bidaia, eta Amaia Pascual, Georg Behrendt, Amaia Armendariz eta Álvaro eta Gloria Zufiaurre euskaldunen eskutik ezagutuko dute tokia.

Amaia Pascual Barakaldokoa da eta orain sei urte iritsi zen Frankfurtera. Harekin batera, Meno ibaiaren ingurua bisitatuko dute, Burdinazko Zubi ospetsuarekin; eta Kronbergera ere joango dira, Taunus mendikatean kokatutako herri bitxira.

Georg Behrendt, berriz, Algortakoa da, eta hamar urte daramatza Alemanian bizitzen, horietako bost Frankfurten. Bizkaitar honen eskutik hiriko finantza-eremua ezagutuko dute, Westend Tower-eko begiratokira igoko dira eta antzinako Opera eta euroaren monumentua bisitatuko dituzte.

Amaia Armendariz, bestalde, Iruñean jaio zen, baina erdi nafarra erdi gipuzkoarra sentitzen da. Sei urte daramatza Heidelbergen, Frankfurt hegoaldeko hiri txikian. Alemaniako unibertsitaterik zaharrena dago bertan eta herrialdeko hiririk erromantikoena da askorentzat.

Alvaro eta Gloria Zufiaurre, azkenik, Gasteizko anai-arrebak dira. Alvarok bi urte eta erdi daramatza Frankfurten lanean, eta Gloriak, berriz, hiru hilabete besterik ez. Haiekin batera, "VxM" saioko lantaldeak Frankfurteko erdigune historikoa gertutik ezagutuko du. Bigarren Mundu Gerrako bonbardaketen ondoren erabat suntsituta geratu zen, eta 80ko hamarkadan berreraiki zuten, jatorrizko estetika eutsiz. Katedralera igoko dira eta Sachsenhausen auzoa ere bisitatuko dute.

"Vascos por el Mundo: Frankfurt" gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.