telebista
22:30ean
"El Día de Mañana" saioaren denboraldi berria, Dani Álvarezekin, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en
EITB Media
Dani Álvarez kazetariak, bere estilo pertsonalarekin, nazioartean sona handia lortu duten pertsonaia ospetsuak elkarrizketatuko ditu, euren alde intimo eta ezezaguna agerian utziz. Lehen protagonista Evaristo Paramos, La polla Records punk banda mitikoaren abeslaria izango da.
-
Isabel Allende idazlea Dani Álvarezekin. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Dani Álvarez kazetariak aurkeztutako "El Día de Mañana" elkarrizketa saioaren denboraldi berria hasiko da gaur gauean. Lehen edizioaren arrakastaren ondoren, Dani Álvarezek nazioartean sona handia lortu duten pertsonaia ospetsuen bizitzara hurbilduko gaitu. Bere estilo pertsonalarekin, euren alde intimo eta ezezaguna erakutsiz digu.
Lehen denboraldiak Edurne Pasaban, Fernando Aramburu, Miren Arzalluz eta Gabriel Rufian izan zituen gonbidatu, besteak beste, eta gaur hasiko den edizio berriak ere luxuzko protagonistak izango ditu.
Denboraldi berria hasteko, Evaristo Páramos La Polla Records punk banda mitikoaren abeslariarekin elkartuko da. Tropa de Carallo proiektu berria eskuartean duela, argi eta garbi hitz egingo du politika eta egun egungo gaien inguruan, pandemiari buruzko bere iritzia emanez. Halaber, bere ibilbidea errepasatuko du, punkean hasitako bidea gogoratu eta La Pollaren azken bira iskanbilatsuarekin amaituz.
Dani Alvarez Agurainen izango da berarekin eta Otxoa taberna mitikoa bisitatuko dute, bertan sortu baitzen La Polla Records taldea 70. hamarkadan. Halaber, Tropa do Carallo taldearen entsegu batean bateria jotzera ausartuko da Dani, taldearen musikaren erritmoa jarriz. Bestalde, Evaristoren alderik ezezagunena erakutsiko du: herriko futbol taldean emandako lehen urratsak eta Ana Belenekin batera pelikula batean egindako lana gogoratuko dituzte, besteak beste.
Denboraldiko protagonistak
Denboraldi berrian, etengabe bidaiatzen ibiliko da Dani Alvarez. Isabel Allenderi bisita egingo dio Estatu Batuetako San Francisco hirian. Gaztelaniaz liburu gehien saldu dituen idazlearen bizitza errepasatuko du, bere jatorri euskalduna ahaztu gabe. Allendek bere azken eleberriaz hitz egingo du, Violeta, nazioarteko ospea lortu duten La casa de los espíritus eta Paula liburuen bidea jarraituz.
Gainera, Asier Etxeandia aktore eta abeslariaren energiaz zipriztinduko da saioa. Madrilgo bere etxera joango da Dani eta, bertan, Jose Luis Huerta bikotekidea eta Hugo Silva laguna batuko zaizkie. Bilboko auzo eta kaleetan barrena ere ibiliko dira elkarrekin, haurtzaroko eta gazte garaiko kontuak gogoratuz. Gainera, Asierren Mastodonte musika taldearen kontzertura joango dira.
Lucia Lacarra dantzari ospetsuaren kamerinoan sartzeko aukera ere izango du Dani Álvarezek, eta bere azken lanaren estreinaldiko urduritasuna partekatuko dute. Balletaren gailurrera iristeko egin behar izan dituen sakrifizioak eta bide horretan bizitako sekretuak aitortuko dizkio zumaiarrak.
Saioa, gainera, boxeoaren munduan murgilduko da Kerman Lejarragaren eskutik. Superwelter pisuko Europako txapeldunak gimnasioaren ringaren gainean boxeo klasea emango dio Daniri eta Morga bere jaioterria ezagutzera gonbidatuko du, bere ama Isabelekin batera. Kermanen azken borrokaldiaren emozio eta gordintasuna bizitzeko aukera izango du Dani Álvarezek.
Amaitzeko, Estatu Batuetara itzuliko dira, Floridara, hain zuzen ere, NASAren kohete baten jaurtiketa zuzenean jarraitzeko. Leioako Satantis enpresak parte hartu du proiektu honetan eta bertan parte hartu duten euskaldunekin arituko da kazetaria. Gainera, gai honetan aditua den Pedro Duque astronauta eta ministro ohiarekin hitz egingo du.
"El Día de Mañana" saioaren estreinaldia gaur izango da. Ostegunero, protagonista berri bat ezagutzeko aukera izango dugu, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.