telebista
1. atalaren laburpena
Goiz, "El Conquistador del Caribe"ren lehen biktima, saioaren hasierarik gogorrenetakoan
EITB Media
18. edizioan parte hartzen ari diren hemeretzi emakumeetatik bederatzik parte hartu dute lehen dueluan, eta Ianire izan da irabazlea. Iratxek eta Camilak kanporatu dute Goiz kakaten dueluan.
-
Goiz, "El Conquistador 18"ko lehen kanporatua. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Abentura hasi da, eta edizioko 19 emakume lehiakideek Karibeko aurpegirik onena eta txarrena ezagutu dute. Lehenik, festa ezagutu dute, katamaran batean hasi baitute lehiaketa, giro paregabean eta janari eta edariez gozatzen. Baina txanponaren beste aurpegia ere ezagutu dute: kasu honetan, Kariberik basatiena, gosea eta biziraupena protagonista dituena. David Seco uretako motorrean azaldu denean festa bukatu da eta lehiakideek uretara jauzi egin dute. Ur-ertzean Julian zuten zain, eta programaren historiako ediziorik izugarrienari eman dio ongi etorria. Jantzita zutenarekin abiatu dute neskek abentura, gehienek oinutsik eta soinean bainujantzia baino ez zutela.
Guztien ezusterako, ez dituzte taldeetan banatu. Beraien artean lehiatu behar ziren immunitate jokoan, baina guztiek ez zuten parte hartu behar. Nortzuk egin behar izan diote aurre lehen probari? Nesken esku gelditu da erabakia, eta baten batek susmatu du lehiakideren bat estrategiak egiten zebilela. Bederatzi hautatuek lehia gogorra izan dute aurretik: igeri egiten joan behar izan dira Boca Tiburón irlara eta, bertan, eragiketa matematiko bat ebatzi. Lehen seirak yumar bat erabiliz igo behar ziren irlaren gailurreraino. Arazorik gabe eskuratu du Ianirek irabazlearen ikurrina, eta euforia handiz ospatu du garaipena, oihuka. Anniek, Andreak, Camilak eta Oihanak, aldiz, ez dute lortu eragiketa argitzerik, eta beraien artean erabaki behar izan dute nor zen galtzailea, nork jantziko zuen lehen lepokoa. Camila izan da aukeratua, eta lur jota geratu da, uste baitzuen zuzenean kanporatuko zutela lehiaketatik.
Bitartean, kanpamentuan, David Secok jokoan parte hartu ez duten lehiakideei esan die beraien artean bat aukeratu behar zutela bigarren lepokoa nori eman. Bertan sortu dira denboraldiko lehen eztabaidak, eta Iratxe izan da aukeratua.
Oraindik erabakitzeke zegoen hirugarren lepokoa nork jantziko zuen, eta Ianirek, irabazleak, eman behar izan du izena; Goiz aukeratu du. Bestalde, immunitatea eskuratzeaz gain, Iratxek aukeratu behar izan du zein izango zen saria: guztien artean sua egin ahal izateko suharri bat, ala berarentzat bakarrik janari zaku bat. Bigarrena aukeratu du.
Goiz, Iratxe eta Camila lehiatu dira saioko duelu klasikoetako batean: kakata edo tarantulak ehizatu begiak estalirik. Aurten, pasarela batzuetatik igaro behar izan dira eta horretarako beharrezkoak izan dituzte oreka eta laguntzaileen aginduak. Goizek estropezu egin du eta, ondorioz, duelua galdu eta edizioko lehen kanporatua izan da. Camilak eta Iratxek abenturan jarraitzen dute, eta kanpamentuan gau gogorra biziko dute; izan ere, lehiakideak sufritzen ari dira hotzaren eta eltxoen eraginez, eta soinean bainujantziak baino ez dituztela egin behar diote aurre egoerari. Julianek ez du gezurrik esan "El Conquistador del Caribe"k ediziorik izugarriena abiatu duela esan duenean.
"El Conquistador del Caribe" astelehenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n, eitb.eus-en eta "El Conquis"en aplikazioan. Gainera, atal guztiak ikus daitezke EITB Nahieranen, saioaren eta EITB Nahieran appetan eta EITB Mediaren gainerako plataforma digitaletan.