Itxi

telebista

22:15ean

'Aupa Etxebeste!' filma, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Auzokideek oporretan daudela pentsa dezaten etxean ezkutatuko den familia baten istorio dibertigarria azaltzen du pelikulak.

0:28
'Aupa Etxebeste' pelikulako irudi bat

Gaur gauean, Aupa Etxebeste! filma eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek, 22:30etik aurrera. Telmo Esnalek eta Asier Altunak zuzendu zuten euskaraz egin zen lehen pelikula honetan, Ramon Agirre, Elena Irureta, Paco Sagarzazu eta Iban Garate dira protagonistak.

Patricio Etxebeste txapel fabrika bateko zuzendaria da. Herriko gizon garrantzitsuenetako bat da, eta datozen udal hauteskundeetan alkate izateko aurkeztuko du bere burua. Inork ez daki bere enpresak hondoa jo duela eta dirurik gabe geratu dela.

Herrikoen aurrean itxurak egitearren, etxean gordeta pasatuko dituzte oporrak. Itxurakeriak alde batera utzi eta euren arteko gezurrak eta miseriak elkarri aurpegiratu ondoren, bizitzako oporrik onenak pasatuko dituzte.

Benetako gertakizunetan oinarrituta al dago filma?

Harrigarria dirudien arren, benetako familia baten kasuan oinarritutako istorioa da. Hala ere, bertsio ezberdinak daude benetako jatorriaren inguruan: Oñatiko familia bati gertatu zitzaiola esaten dute Bergaran; Oñatin, aldiz, horren protagonistak bergararrak zirela esaten da. Batera zein bestera, Euskal Herriko herri txiki askotan oso ohikoak diren hipokrisia eta itxurakeriaren inguruko pelikula da.

Bergara, Zumaia eta Hernani aldean grabatu zuten filma, eta industria-nabe zahar batean egin zituzten Etxebeste familiaren etxea irudikatu zuten dekoratuak. Gainera, euskal herri horietako zenbait txoko ikus ditzakegu.

Esan bezala, Ramon Agirre, Elena Irureta, Paco Sagarzazu eta Iban Garate dira protagonistak. Alabaina, euskaraz grabatutako pelikula bada ere, bi aktore espainiar gonbidatu azaltzen dira bertan, Luis Tosar asturiarra eta Willy Toledo madrildarra, Etxebestetarren etxera lapurretan sartzen diren lapurrak. Tosarrek eta Toledok ez zuten euskaraz ikasi behar izan filma egiteko; izan ere, horien parte-hartzea kameu bat besterik ez da, eta ez dute apenas hitzik esaten.