Itxi

telebista

11:30ean

"En Jake" berezia EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatetik, gaur goizean

EITB Media

Pandemia hilabete hauetan zientziak egindako ekarpena azpimarratu eta eskertzeko saio berezia izango da. Besteak beste, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia izango dute gonbidatu.

  • Xabier Lapitz, "En Jake" saioko zuzendari eta aurkezlea

    Xabier Lapitz, "En Jake" saioko zuzendari eta aurkezlea. Argazkia: EITB Media

Gaur goizean, "En Jake" saioak platoa utziko du eta programa berezia egingo du Euskal Herriko Unibertsitateko Leioakoa Campusean. Zehazki, Zientzia eta Teknologia Fakultatetik egingo dute saioa Xabier Lapitzek eta bere lantaldeak, pandemia hilabete hauetan zientziak egindako ekarpena azpimarratu eta eskertzeko. Set berezia jarriko dute unibertsitatean, eta bertan izango dituzte, besteak beste, Nekane Murga, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia; Rafael Bengoa, Osasun Publiko eta Kudeaketan mediku espezialista; Inmaculada Arostegui, EHUko Ikerketaren arloko errektoreordea eta Juan Ignacio Pérez-Iglesias EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren koordinatzailea. Ohi bezala, 11:30ean hasiko da saioa, zuzenean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Zientziari eskainitako saioa izango da asteazkenekoa, bizi izan dugu eta oraindik bizi dugun osasun egoera honen aurrean zientziak egindako ekarpena eskertzeko. Izan ere, pandemiaren unerik zailenetan zientziara jo izan dugu etengabe erantzun bila; eta zientziari eta ikerlariei esker ere lortu dugu jada gure artean dugun txertoa. "En Jake" saioak omenaldi txikia egin nahi du, non eta zientziaren erdigune neuralgikoan: unibertsitatean.

Murga, Bengoa, Arostegui eta Pérez-Iglesiasekin batera, zientziaren eta ikerketaren beste hainbat aditu eta profesional hartuko dituzte: Miren Basaras, EHUko ikerlaria eta Mikrobiologia irakaslea; Gontzal Tamayo, Espainiako Anestesiologia eta Erreanimazio Elkarteko kidea; eta Guillermo Quindós EHUko mikrobiologoa, besteak beste.

Etorkizunean ikerlari izango diren ikasleekin ere hitz egingo dute, pandemia garai honetan askotan estigmatizatuta egon diren gazteak.

Solaskideen mahaia ere unibertsitatera emango dute, eta bertan izango dira Alex Zapirain abokatua, Estitxu Garai EHUko irakaslea, Eva Silvan politologoa, eta Juan Muñoz-Baroja kazetaria.

Goizero bezala, Maitane Bastida eta Mikel Egia kazetariak izango dituzte lantaldean, oraingoan ikasleak eta nagusientzako egoitzetako egoiliarrik hizpide. Inazio Lopezek fakultatera eramango ditu pantailak, eta azken ordukoaren berri Blanca Saezek emango du, EITBren Bilboko egoitzatik. Bartzelonan eta Madrilen gertatzen dena Cristina Vargas eta Leire Torresen eskutik iritsiko da.

"En Jake" berezia, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatetik, gaur, 11:30ean, zuzenenean, ETB2n eta eitb.eus-en.