telebista
22:00etan
Abentura eta gastronomia, gaur gauean, "Sukalerronka" saio berezian
EITBMEDIA
Joseba Arguiñanok Ogoño lurmuturreko horma eskalatzeko desafioari baietz esango dio, eta gainera, Elantxobeko bizilagunen solastatuz, istorio eta pasarte bereziak ezagutuko ditu.
Gaur, irailak 12, Joseba Arguiñano bere sukaldetik atera eta desafio handi bati aurre egitera abiatuko da. Kaskoa jantzi eta Ogoñoko lurmutur ikusgarri eta arriskutsua eskalatzen saiatuko da sukaldari zarauztarra. Mikel Linazisoro eskalatzaile ezagunak desafioa bota eta aurkezleak eskalatzailearen erronkari helduko. Erronkak erronka, sukaldaritza ez dute alde batera utziko, eta Mikelen laguntzarekin errezeta goxo bat prestatuko du Arguiñanok Laga hondartza paregabean.
Ogoño eskalatzeko erronka burutzen den bitartean, Mikel Linazisoro eskalatzaile handia gertutik ezagutzeko aukera izango du aurkezleak. Bere kirol-ibilbidearen zehaztasunak, helburuak, proiektuak, desengainuak, ezbeharrak gainditzeko egin dituen ahaleginak, une alaiak, atsekabeak… Bizitzaren desafioari nola egin dion aurre edo zein modutan egiten ari zaion aurre deskubrituko du Arguiñanok.
Horretaz gain, Elantxobe inguruan bizi diren herritarrengana ere hurbiltzeko astia izango du Josebak; jatekoarekin eta parajeotako bizimoduarekin zerikusia duten kontu bitxi eta interesgarriak entzungo ditu euren ahotik. Hala nola, Elantxobeko arrantzale pare batekin itsasoratuko da, euren ogibidea gertutik bizitzeko. Bestalde, Itziar Zorrozua saregile jubilatuak hegaluzea poteratzen erakutsiko dio; bukatzeko, "Elantxobeko Zaldixek" zalditegiko Joseba Muñizen eskutik zalditerapia zer den ikasiko du.
"Sukalerronka" saio berezia gaur izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.