telebista
Estreinaldia
Patricia Gaztañaga berriro ETBn, 'Voy a Mil' lehiaketa aurkezteko
A.E.
EITB
Datorren astelehenetik, otsailaren 6tik aurrera, egunero izango da ikusgai saioa eguerdiko 'Teleberri' albistegiaren aurretik, 14:00etan.
Datorren astelehenean, otsailaren 6an, ETB-2k 'Voy a Mil' lehiaketa estreinatuko du. Patricia Gaztañagak aurkeztuko duen saioa astelehenetik ostiralera izango da ikusgai eguerdiko 'Teleberri' albistegiaren aurretik, 14:00etan.
Hamar urte ETBtik kanpo egin ondoren, Patricia Gaztañagak lehen aldiz lehiaketa aurkezteari ekingo dio. Carlos Sobera eta Jorge Fernandez aritu izan dira ordu tarte horretan lehiaketa aukezten eta Gaztañagak ere ohiko eskema hori berreskuratuko du: lehiakide bakarra atrilaren aurrean eta denboraren aurka borroka eginez.
Ole Olé taldearen abesti ezaguna kopiatu du 'Voy a Mil' saioaren izenburuak, baina horrez gain, titulua esanguratsua da: egunero 1.000 euro jarriko dituzte jokoan; probek ezartzen duten abiada ere izugarria izango da eta saioak 80. hamarkadako irudi eta izpirituari eutsi dio.
'Voy a Mil' lehiaketan bi talde edo koadrila izango dira aurrez aurre. Talde bakoitzak helburu ludikoa du 1.000 euroko eguneroko saira irabazteko. Modua erraza da: hamar proba gainditu beharko dituzte, guztiak 10 eta 100 segundoren artean kronometratu behar dituzte. Atril bakarra izango da platoan eta bi taldeetako kideak txandakatuz joango dira. Xedea, jokatzeko txanda ez galtzea izango da. Txanda galduz gero, dirua ez irabazteaz gainera, beste taldeak bildutako guztia lapurtu baitezake.
Lehiaketako proba guztiak 1.000 euro balio dute. Lehenengoa izango da errazena: 10 segundotan aurkezleak esaten duena egia ala gezurra den asmatu beharko du lehiakideak. Ondoren, 20 segundotan, nork esan duen asmatu beharko dute. Beti esaera dibertituak eta puztuak izango dira, hiru egile posible izango dituzte. Hurrengo proban, berriz, zineaz, telebistaz eta musikaz lehiakideek dakitena neurtuko dute, 30 segundo izango dituzte erantzuteko. Laugarren probarako 40 segundo emango diete eta leku bat asmatu beharko dute, leku hori zein den jakiteko arrasto batzuk jarraitu ahal izango dituzte.
Bosgarren probak lehiakideen ezagutza ez ezik, nerbioak ere azalean jarriko ditu. Bost galdera erantzun beharko dituzte eta bakoitzak hiru aukera izango ditu, 50 segundotan eman beharko dituzte erantzun guztiak. Benetako erronka izango da.
Seigarren probatik aurrera, berriz, lehiakideek ukipen pantaila erabiliko dute. Hasteko, minutu bat izango dute proba asmatzeko. Lau aukera jarriko dizkiete eta besteekin zerikusirik ez duena bakarra zein den erabaki beharko dute. Zazpigarren proban gai bat emango zaie eta zazpi erantzunak orden zuzenean jarri beharko dituzte 70 segundotan. Goitik behera arrastaka mugituko dituzte ukipen-pantailan, orden zuzenean jarri arte. Herrialdeen neurriak, gehien hitz egiten diren hizkuntzak, seme-alaba kopurua ..., gisa horretakoak izango dira gaiak.
Hori amaitu ondoren zortzigarren probara iritsiko dira lehiakideak, bertan 80 segundotan laukiz osatutako panelean zer ezkutatzen den asmatu beharko dute. Asmatu gabe gelditzen diren proben dirua Txuk izeneko beste markagailuan pilatuko da. Saioaren amaieran jokoan jarriko da markagailu hori.
Bederatzigarren probak berebiziko garrantzia izango du lehiakideek beste taldeak bildutako dirua ostu eta Txuk markagailuak pilatutako dirua lortzeko finala jokatu ahal izango dute. Proba horren izena Busco pareja da eta 18 kontzeptu binaka bildu behar dituzte 90 segundotan. Bi taldeek kale egiten badute, finalera pasatzen den taldeak ezingo du Txuk-ek jasotako diruarengatik jokatuko, aurkariak duen diruarengatik baizik.
Markagailuak batetik bestera ziztu bizian aldatuko dira, proben erritmoa ere bizi-bizia izango da. Hurrengo astean itzuliko den taldea zein izango den jakiteko tentsioa ere pil-pilean egongo da.
Bi kirol talde izango dira 'Voy a Mil'eko lehenengo saioetako jokalariak. Helburu guztiz ezberdinak dituzte. Batetik, errugbiko Athletico San Sebastian taldeak Europan barrena jokatzen den Sei Herrialdeen Txapelketako partida bat ikustera joan nahi du. Bestetik, Hibaika arraun taldeko neskek trainerua erostea edo materila berria dute xede irabazitakoarekin. Trainerua erosten badute mutilena ez dute gehiago erabiliko.
'Voy a Mil' egunero izango da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 14:00etan ETB-2n.