Itxi

telebista

22:30etik aurrera, zuzenean

"Sanjoanak Beran" saio berezia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB MEDIA

San Joan bezperan antolatutako antzerki-musikala izango da. Hainbat taldek alaituko dute giroa, hauetako batzuk: Lekittoko Deabruak, Berako Emaitza antzerki taldea eta Zubietako Joaldunak.

0:23
Beste urte bateko programa bereziaren irudia

Ilaski Serranok eta Antton Telleriak aurkeztuta, "Sanjoanak Beran" saio berezia eskainiko da gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en. Berako plazatik zuzenean gozatu ahal izango dugu bertako ekitaldiaz. Lekittoko Deabruek eta Berako Emaitza antzerki taldeko sorginek piztuko dute sua.

Horiez gain, beste hamaika parte-hartzaile bilduko dira bertan: Zubietako Joaldunak, Bihotx txalapartariak eta Sergio Estebanen zuzendaritzapean Isidoro Fagoaga Musika Eskolako Berako Haur Abesbatza. Azken hauek, 'Aldapeko' kanta abestuko dute Marijo Vergara pianoan eta Enaitz Erkizia kajoian musika joaz giroa alaituz. Horiez gain, Ekhiñe Zapiain, Berako bertsolaria ere izango da eta Gure Txokoa Dantza taldeak bi dantza eskainiko dituzte: koreografia bat eta Gure Txokoa Fandangoa eta Arin Arina (dantza hauetarako Gregorio, Beñat eta Andoni Mitxelena (eskusoinua) eta Egoitz Telletxea (kajoia) musikariak izango dira).

Bestalde, Maddi Oihenart abeslariaren 'Ikusiko Dira Berriz' eskainiko dute Estitxu Pinatxok (ahotsa) eta Mikel Santxezek (gitarra).

Bankako Menditarrak abesbatzaren eskutik 'Gure Nortasuna', 'Pottoka' (Isidoro Fagoaga Musika Eskolako Berako Haur abesbatzarekin batera) eta 'Zazpiak Oihal Batetik' abestiez gozatzeko aukera ere izango da.

San Joan gaueko magia, espiritua, soinua eta kolorea izango dira protagonista, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.