Itxi

telebista

''El Conquis''en 21. atala

Olatz eta Txinti, bateratze garaiko lehen kanporatuak

EITB Media

Aitor gailendu da pista amerikarrean. Horma bat izan da lehiakide askoren oztopo nagusia eta ondorioz, sei lagun duelura joan dira, tartean, Olatz eta Txinti. Biek ezin izan dute bukatu.

  • Olatz eta Txinti, bateratze faseko lehen kanporatuak

    Olatz eta Txinti, bateratze faseko lehen kanporatuak. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Jakinekoa da bateratzea ez dela bide erraza, baina batzuei nabarmen okertu zaie egoera. Galdetu bestela Olatzi eta Txintiri, ezin izan baitute bukatu Yanci, Patxi, Esther eta Nahiaren aurka lehiatu diren zerurantz begira dauden eskaileren duelua. Oraingo honetan, lehiakide dezente izan dira dueluan, immunitate jokoak agerian utzi baititu saioaren gogortasuna eta hainbaten ahulezia.

Mangladian zeharkatu beharreko pista amerikarra korapilatsua izan da. Horma bat igaro behar zuten eta askorentzat ezinezkoa izan da. Aitor eta Beko izan dira proba amaitzen azkarrenak, baina azken zatian, eskalatzen ari zirela, Muskizekoa segundo batzuk aurreratu zaio nafarrari, eta irabazi egin du. Hori bai, Corocote taldeko kide ohiak Bekok egindako lana aintzat hartu eta kanpamendu aberatsera eraman du berarekin. Atzean gelditu dira Andrea, Binbi, Bego, Duque eta Joana. Ibilbidearen zati handi bat egin ondoren, ez dira duelura joan behar izan.

Hormatzarra beraz, erabakigarria izan da. Gainditu ezin izan dutenak, zuzenean, bilerara joan dira eta lehiakide bat hautatu behar izan dute duelutik libratzeko. Oskarrek eta Yancik berdindu egin dute, eta bietatik duelura nor joango zen adostu beharra zeukaten.  Abetxukokoak baina, ez du amore eman eta azkenean, sorosleak berak jarri du arriskuan bere burua. Erabaki horrek ordea, hautsak harrotu ditu. Andrea, Txinti eta Joanak Oskarren jarrera gaitzetsi dute, haien hitzetan hiru duelu egitea ez delako nahikoa arrazoi abenturan jarraitzeko.

Bakarkako lehiak garrantzia hartu beharko luke fase berri honetan, baina badirudi batzuk oraindik ez dutela atzean utzi talde garaiko adiskidetasuna eta horrek giroa gaiztotuko du "Alcatraz"en, hots, kanpamendu txiroan. Bien bitartean, Aitor eta Beko lasai asko daude kanpamendu aberatsean, ondo jan eta atseden hartuta. Badakite eta oraindik ere bide luzea dutela eta okerrena iristear dagoela.

Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen, app berrian eta EITB Mediako gainerako euskarri digitaletan ikus daitezke.