telebista
Kirolak
EITB txirrindu gainean, ekainean ere
EITB Media
Giroa amaituta, aste honetan Dauphiné Kriteriuma dugu ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, eta igandetik aurrera Suitzako Itzulia eskainiko da esklusiban.
EITBk txirrindu gainean jarraituko du ekainean ere. Italiako Giroarekin gozatu ederra hartu ostean, aste honetan Dauphiné Kriteriuma dugu ikusgai arratsaldero, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en. Igandetik aurrera Suitzako Itzulia eskainiko du EITBk esklusiban, eta hilabete amaieran urteko hitzordu garrantzitsuena helduko da, Frantziako Tourra.
Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak, Alfontso Arroiok eta Alesandro Ruttak Italiako Giroan gertatutako guztiaren kontakizuna egin dute, zehaztasun osoz eta emozioa ikus-entzuleei sentiaraziz. Emankizunak, batez beste, % 3,8ko kuota lortu du, eta euskaldunen artean % 7,9ra heldu da. 105.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan du Euskadin eta eragin eremuan.
1.700 zaletuk izena eman dute "Ez Da Giro!" saioko ekimenetan eitb.eus-en
"Ez Da Giro!" saioak, urtero legez, galdera bat luzatu die ikus-entzuleei egunero, eitb.eus bidez erantzun beharrekoa. Horrez gain, Zaleen erreleboa ekimena sortu du aurten, eurek sortu eta grabatutako bideoak jasotzeko. QR bitartez bultzatutako ekimena izan da, gainera, telebista zein Internet bidez, aurten lehen aldiz. Guztira ia 1.700 erabiltzailek eman dute izena bertan. Egunero zozkatu dira parte-hartzaile guztien artean Etxeondoren maillot eta kulot bat eta, Giroa amaitutakoan, Donostiako Klasikorako bi akreditazio, klasiko biak (emakumezkoena zein gizonezkoena) antolakuntzaren gonbidatuen auto batetik jarraitzeko.
EITBren atariak zuzenean eskaini ditu Giroko etapak, baita lasterketari buruzko informazio osoa ere, eta 300.000 erabiltzaile bakar lortu ditu Giroaren webgune berezian. Halaber, etapei dagokienez, batez beste 20.000 lagunek ikusi dituzte eitb.eus-en txirrindularien gorabeherak; milioi bat orrialde ikusi dira, eta bideo ikusiena, berriz, Mikel Landaren erorikoa izan da.
Giroa Euskadi Irratian ere jarraitu ahal izan da, Streaming Plusen bidez, Joxe Mari Apaolaza eta Jon Altuna kazetarien eta Mikel Astarloza eta Eugenio Goikoetxea adituen kontakizunarekin.
Dauphiné Kriteriuma, Suitzako Itzulia eta Frantziako Tourra, zuzenean
Giroaren azken etaparekin bat egiten zuenez, Dauphiné Kriteriumeko lehen etapa grabatuta eskaini zuten ETB1ek eta eitb.eus-ek. Aitzitik, gainerako etapa guztiak zuzenean izango ditugu ikusgai, astelehenetik igandera bitartean, Fermin Aramendiren eta Xabier Usabiagaren gidaritzapean.
Igandean Suitzako Itzuliak hartuko dio lekukoa Dauphinéri. EITBk esklusiban eskainiko du ekainaren 6tik 13ra bitartean jokatuko den lasterketa, Fermin Aramendi eta Alfontso Arroioren eskutik.
Ekainaren 26an Frantziako Tourra helduko da EITBra. Goi mailako txirrindularitza egutegiko izarra ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango dugu zuzen-zuzenean.