telebista
''El Conquis''en 18. atala
Begoren erakustaldiak eta Ikerren kanporatzeak hankaz gora jarri dute Cacata taldea
EITB Media
Bego Andrea baino askoz hobeagoa izan da immunitate jokoan, ikurrina hartu eta erdibidean utzi baitu zintzilik. Cacata taldea burumakur dago beste indartsu bat galdu duelako dueluan: Iker.
-
Iker, burumakur, duelua galdu ostean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Zuhaitz eroriari orok egur, hori dio esaera zaharrak. Cacata taldeak "El Conquistador del Caribe" saioko 18. atal honetan bizitakoaren adierazgarri da, duda barik. Bi immunitate joko eta bi lehiakide indartsu galdu dituzte jarraian. Ikerrek, Enekoren taldearentzat finalista argia zenak, duelua galdu du azken unean banderatxo bat galduta. Soka bertikalaren dueluko garailea Txinti izan da, bihurritua duen arren eta igerian azkena iritsi bada ere, erdiko bidea hartu eta horri esker, banderatxoak errazago hartu ahal izan dituelako. Leire, bestalde, indar handiko emakumea dela erakutsi du beste behin ere, proba bukatu eta arerioen pare lehiatu delako.
Ez da giro Cacata taldean. Beste lehiakide indartsu bat galtzeaz gain, aurretik, izendapenetan, haserrealdiak izan dira taldeko elkarbizitza kolokan jarriz. Leire berriz ere egon da taldekideen jomugan eta bost boto jaso ditu. Ikerrek ordea, Aitor izendatzea eskatu die besteei, harekin lehiatu nahi zuelako dueluan. Ez du bere helburua lortu, eta bilera amaitu denean, bien arteko tentsioa nabarmena zen eta azkenean, liskarra izan dute. Enekok Txinti izendatu du, batetik, ez du gogokoen artean, eta bestetik, orkatilan izandako bihurritua sendatzeko denbora eman diola argudiatu du.
Andrea izan da beste behin duelura joatetik libratu dena. Azken asteotan, Hondarribikoak jokoak eta dueluak sarri kritikatu ditu, eta proba lehiakorragoak eskatzen jardun du. Oraingoan bada, taldea gidatzeko aukeratu dute jokoan, eta hara! Askogatik galdu du, hain zuzen, harentzat apropos aproposa zen proba: 40 metroko jumarra. Porrot handia izan da eta Begok erakustaldi bikaina egin du, jokoa hasi baino minutu batzuk lehenago taldekideei jumarra behin bakarrik erabili duela aitortu dien arren. Marinela, taldekideen aholkuei kasu eginez, gora abiatu da, ikurrina hartu eta Andrea erdibidean utzi du kopetilun.
Cuyaya taldekoek bien bitartean, biziki gozatu dute kanpamendu aberatsaz, immunitateaz eta gosari zoragarriaz. David Secoren hitzetan, "El Conquistador" saioan inoiz ezagutu duen saririk ederrenetakoa izan da. Garai zailak bizi izan dituzte Cuyaya taldekoek. Duela gutxira arte, Cacata taldeari irabazteko gai ote ziren zalantzak zituzten, baina azken bi asteotan indarberritu egin dira.
Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen, app berrian eta EITB Mediako gainerako euskarri digitaletan ikus daitezke.