Itxi

telebista

Audientzia

Igandeko Binakako finala, azken bost urteetako ikusiena

EITB Media

Elezkano II.ak eta Zabaletak irabazitako finalaren emanaldia bere ordu tartean lider izan zen, % 16,8ko audientzia-zatiarekin. Jose Javier Zabaleta txapeldunak jaso zuen EITB Pilotari Onenaren saria.

  • Elezkano eta Zabaleta txapeldunak.

    Elezkano eta Zabaleta txapeldunak. Argazkia: EITB Media

Igandean, Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak irabazi zuten 2021eko Binakako Txapelketa, Peña II.ari eta Albisuri 22 eta 7 nagusituta. Finalaren emanaldiak arrakasta handia izan zuen eta audientziaren harrera ezin hobea: azken bost urteetako Eskuz Binakako Txapelketako finalik ikusiena izan zen.

Norgehiagokak bere ordu tartean lidergoa lortu zuen % 16,8ko audientzia-zatiarekin eta euskaldunen artean % 20,8ko kuota eskuratu zuen. Audientzia metatuari dagokionez, 249.000 ikus-entzulek bat egin zuten finalarekin uneren batean Euskadin eta eragin eremuan.

Bilboko Bizkaia pilotalekutik zuzenean, Xabier Euzkitzek, Abel Barriolarekin eta Mikel Idoaterekin batera, gidatu zuen emanaldi berezia eta Elena Azpeitiak protagonisten adierazpenak bildu zituen. Finalaren ondoren, Jon Balentziagak gidatutako solasaldia izan zen ikusgai. Berarekin, Reyes Azkoitia, Abel Barriola, Mikel Idoate eta Pedro Mari Goikoetxea aritu ziren norgehiagoka aztertzen.

ETB1ek finalari eskaini zion arratsaldeko programazio berezia euskaldunen artean audientzia-buru izan zen. Arratsaldeko 17:20ean hasi eta bi ordu eta erdi iraun zuen "ETB Kantxa" saioak % 10,6ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 14,8ko kuota eskuratu zituen. Guztira, 313.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Finalak jarraipena eman zion txapelketa osoan gertatutakoari: Jose Javier Zabaletaren beste erakustaldi batekin. Lehiaketa osoan zehar joko bikaina izan du Zabaletak eta Eskuz Binakako Txapelketaren ondoren, EITB Pilotari Onena saria jaso du Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiaren eskutik.

Lehiaketan zehar, asteroko jarduna kontuan hartuz, pilotari onenaren sailkapena argitaratu zuen EITBK. Binakako Txapelketaren jardunaldi bakoitzaren ostean, EITBko pilota adituek 1etik 5era bitarteko puntuazioa eman diote pilotari bakoitzari, EITB Pilotari Onenaren sailkapena eratuz. Abel Barriolak, Mikel Idoatek, Julian Iparragirrek eta Mikel Bilbaok osatu dute epaimahaia. Halaber, eitb.eus-en erabiltzaileek ere botoa eman eta kamiseta baten zozketan parte hartzeko aukera izan dute.

Pilotari Onenaren sailkapenaren buru Jose Javier Zabaleta izan dugu, 76 punturekin; bigarren postuan Jon Ander Albisu, 69 punturekin, eta hirugarren, Jokin Altuna, 62 punturekin.

Finala ETB1, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta eitb.eus-en ematearekin batera, EITBk Binakako Txapelketa osoari jarraipen zabala egin dio, eta datorren astetik aurrera Eskuz Banakako Txapelketa eskainiko du.