Itxi

telebista

EITB Pilotaren Etxea

Eskuz Binakako Txapelketako finalaren emozio guztia, gaur, EITBko kanaletan

EITB Media

EITB Pilotari Onena saria banatuko du Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak finalaren ondoren Bizkaia pilotalekuan.

0:27
Eskuz Binakako Txapelketako final handia

Eskuz Binakako Txapelketako finala jokatuko dute igande honetan Elezkano II-Zabaleta eta Peña II-Albisu bikoteek Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta bertan izango dira, adi, ikuskizun handia jarraitzen eta ikusle eta entzuleei kontatzen EITBKo kanalak, ETB1, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta eitb.eus.

"ETB Kantxa" saioa 17:15ean hasiko da ETB1en eta eitb.eus-en, Giroko etapa amaitu ondoren. Xabier Euzkitzek, Abel Barriolarekin eta Mikel Idoaterekin batera, gidatuko du emanaldi berezia, eta Elena Azpeitiak protagonisten adierazpenak bilduko ditu. Eurekin batera, EITBren profesional talde handia izango da lanean Bizkaia pilotalekuan gertatzen den guztia ikus-entzuleei xehetasun guztiekin eskaintzeko: kameralariak, laguntzaileak, argi eta soinu teknikariak, produkzioaz arduratzen direnak... Hitzordu garrantzitsuetan egin ohi duen legez, hamaika kamera erabiliko ditu ETBk emanaldia egiteko, horien artean ez ohiko irudiak eskaintzen dituen robotizatutakoa.

Lehendabizi, Jaka-Rezusta vs Altuna III-Mariezkurrena II atariko partida izango dugu ikusgai eta, ondoren, Bibitako final handia. Elezkano II-Zabaleta eta Peña II-Albisuren arteko norgehiagoka amaitzean, frontoitik bertatik, Jon Balentziagak gidatutako solasaldia izango da. Berarekin egongo dira neurketa aztertzen Reyes Azkoitia, Abel Barriola, Mikel Idoate eta Pedro Mari Goikoetxea.

Bestalde, Euskadi Irratian "Hiru Erregeen Mahaia" saioak egingo dio tartea igandeko hitzordu garrantzitsuari. Kepa Iribarrek, Haritz Gallastegik eta Julian Iparragirrek kontatuko dute partida. Radio Euskadin, berriz, Mikel Bilbao kazetariak Xabier Galartza eta Imanol Agirre pilotari ohiekin emango du neurketaren berri "Kirolaldia" saioan. Radio Vitorian, azkenik, Juantxu Martinezek eta Emilio Pascualek jarraituko dute finala.

EITB Pilotari Onena saria jasoko du txapelketako pilotaririk onenak

Horrez gain, EITB Pilotari Onena sariaren lehen edizioaren sari banaketa izango da Bizkaia Arenan. Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak txapelketan zehar gailendu den pilotariari emango dio EITB Pilotari Onena saria. 

Lehiaketan zehar, asteroko jarduna kontuan hartuz, pilotari onenaren sailkapena argitaratu du EITBK. Binakako Txapelketaren jardunaldi bakoitzaren ostean, EITBko pilota adituek 1etik 5era bitarteko puntuazioa eman dio pilotari bakoitzari, EITB Pilotari Onenaren sailkapena eratuz. Abel Barriolak, Mikel Idoatek, Julian Iparragirrek eta Mikel Bilbaok osatu dute epaimahaia. Halaber, eitb.eus-en erabiltzaileek ere botoa eman eta kamiseta baten zozketan parte hartzeko aukera izan dute.

Pilotari Onenaren sailkapenaren buru Jose Javier Zabaleta dugu, 71 punturekin; bigarren postuan Jon Ander Albisu, 66 punturekin, eta hirugarren, finaletik kanpo dagoen Jokin Altuna, 62 punturekin.