Itxi

telebista

22:15ean

Madrilgo hauteskundeak hizpide, gaur gauean, "Aquí y Ahora" saioan

EITB Media

Eider Hurtadok gidatutako saioak 'Madrid: Más que unas elecciones' erreportajea eskainiko du.

  • Eider Hurtado Madrilen.

    Eider Hurtado Madrilen. EITB Mediako bideo batetik lortutako irudia.

Hauteskunde autonomikoak baino gehiago dira Madrilgoak; izan ere, maiatzaren 4ko bozen emaitzek Estatuko politikaren norabidea baldintzatuko dute. Aste honetako "Aquí y Ahora" saioak Madrid: más que unas elecciones erreportajea eskainiko du eta horretarako, Madrilera bidaia egingo du.

Eider Hurtadok gidatutako saioa Ayusoren alde kanpaina egin duten tabernariekin mintzatuko da. Hiriko tabernetan bizi den egoera nahikoa izango al da Ayusorentzat gehiengo absolutua lortzeko? PPk hauteskundeak irabaziko ote ditu berriz hiriko % 30 aberatsenaren babesa lortuta? Inkesten arabera, PPk Vox alderdiaren laguntza beharko du gobernua mantentzeko.

Martinez Almeida Madrilgo alkateak, Enrique Lopez Justizia eta Barne sailburuak eta Pepa Bueno eta Carlos E. Cué kazetariek Ayusoren fenomenoaren eboluzioa aztertuko dute igandeko saioan. Gainera, trump estiloaren gorakadaz eta Vox alderdia Madrilgo gobernuan sartzearen inplikazioaz arituko dira. Bitartean, Nerea Reparaz Vallecas eta Salamanca auzoetan izango da, hiriko bi aldeetan jendeak dituen iritzi ezberdinak alderatzeko.

Ayusoren arrakastaren gakoa polarizazioa izan da eta Pedro Sanchezekin etengabeko talka bilatu du. Estatuko presidentea buru belarri sartu da Ayusoren kontrako borrokan, bere hautagaiari, Angel Gabilondori, tokia kenduz. Bi alderdiek pandemiaren kudeaketaren plebiszitua bihurtu dituzte hauteskunde autonomikoak, eta bozen emaitzek gobernu zentralaren papera kolokan jarri dezakete. Sozialisten porrotak hauteskunde orokorrak aurreratu ditzake?

Saioak, gainera, ezkerreko hiru alderdien aukerak neurtuko ditu. Izan ere, Pablo Iglesiasek jasotako heriotza-mehatxuaren ondoren, euren kanpainaren lema Democracia o Fascismo lelopean berregin dute. PSOEko José Blancok, Podemoseko Isa Serrak eta Más Madrideko Tania Sanchezek mapa politikoa aztertuko dute. Bestalde, Aitor Esteban eta Jon Iñarritu diputatu euskaldunek Madrilgo hauteskundeen emaitzek lurralde politikan izango duten eragina aztertuko dute.

Baina hauteskunde kanpaina honetako mugimendu tektonikoek ez dute bakarrik ezkerreko alderdietan eragina izan. Ayusoren garaipenaren ondoren, Casadok gertuago ikusiko luke Moncloara iristea, baina Voxekin akordioak lortu ezkero alderdiak esparru politikoaren zentrora egin nahi izan duen bira bertan behera geldituko litzateke. "Aquí y Ahora" saioa Esperanza Aguirrerekin izango da, Genovan lantzen ari diren estrategiaren berri jasotzeko. Haien aukerak Vox eta Ciudadanos alderdien araberakoak izango dira.

"Aquí y Ahora" gaur izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.