telebista
Gaur, 22:30ean
Leire Martinez eta Alex Sardui Julen Telleriaren eskutik "Ezberdinak" saio berezian
EITB MEDIA
Musikari buruz duten ikuspegiaz, pandemiak beraiengan izan duen eraginaz, intimitateaz eta ospeaz eta euren bizitza pertsonalaz arituko dira.
Gaur, "Ezberdinak" saio berezia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek 22:30ean. Julen Telleria aurkezlearen gidaritzapean, Leire Martinez La Oreja de Van Gogh taldeko kantaria eta Alex Sardui Gatibu bandako abeslaria musikaren, pandemiaren, ospearen eta eremu pertsonalaren inguruan solastatuko dira.
"Ezberdinak" emanaldiak grabazio estudio batean elkartu nahi izan ditu belaunaldi eta inguru ezberdinetako bi artista; bi ikuspegi ezberdin lanbide beraren barruan, alegia. Gai askotan iritzi oso ezberdinak dituztela ikusiko dute Leirek eta Alexek, baina zenbait arlotan euren ikuspuntuak ez daudela hain urrun ikusiko dute.
Ez da ohiko elkarrizketa pertsonala izango, hiru lagunen arteko solasaldi lasaia baizik. Julen Telleriak gonbidatuen unibertso musikalarekin lotutako gaiak planteatuko ditu, pandemiaz eztabaidatzeko tartea zabalduko du, eta Leireren eta Alexen esparru pertsonalaren gainean ere arituko dira.
Saioaren amaieran, Leire Martinezek eta Alex Sarduik batak bestearekiko aurreiritziei buruzko hausnarketa egingo dute, eta zerekin gerturatu eta zerekin aldentzen diren egiaztatzeko aukera izango dute.
"Ezberdinak" programa berezia gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.