Itxi

telebista

20:00etan

"Historias a Bocados" saioak Elvillar/Bilar aldera egingo du arratsaldean

EITB Media

Jose Antonio Garcia, Joana del Hoyo eta Jonathan Ruiz de Viñaspre izango dira herria erakutsiko duten protagonistak.

  • Joseba Arguiñano, Elvillar

    Arguiñano Chabola de la Hechicera trikuharrian. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Gaur, martxoak 14, "Historias a Bocados" saioak Arabako Errioxako Elvillar/Bilar udalerria bisitatuko du. 350 biztanle inguru ditu herriak, eta gehiengoa nekazaritza eta ardogintza jardueretatik bizi da.

Lehen protagonista Jose Antonio Garcia izango da. Jose Antoniok Joseba Arguiñano aurkezleari harro-harro erakutsiko dio bere herria. Jauregi-etxeak alboetan dituzten kalexketatik osteratxoa egingo dute, eta Santa Maria plaza nagusian amaituko dute paseoa. Ondoren, protagonistaren etxera hurbilduko dira, bertan baitauka upategia; egiten duten ardoa dastatuko dute, eta, ondoren, parrilarako egokitutako gune batean legatza erreko dute.

Hurrengo anfitrioia, Joana del Hoyo, duela 42 urte jaio zen Arrasaten, baina bizitza erdia eman du Elvillarren. Amaren aldeko aitona-amonen herria zen, eta hemen igaro zituen haurtzaroko uda eta jaiegun guztiak. Joanak etxeko sukaldean hartuko du Joseba, bi errezeta egiteko: gailetak eta ogi torradak. Ondoren, Euskal Herriko hileta-monumentu megalitikorik harrigarrienetako bat ikustera joango dira: Sorginen Txabola izeneko trikuharria.

Azkenik, Joseba Arguiñanok Jonathan Ruiz de Viñaspre ezagutuko du. Bere familiak inausi beharreko olibondoak ditu lursail batean. Beraz, Jonathan eta Joseba, guraize kimatzaileak hartuta, lanean hasiko dira. Bazkaltzeko, amaren errezetaren arabera prestatutako masailak jarriko ditu mahai gainean, eta horrez gain, Hemendik Harantz errefuxiatuei laguntzeko taldeak egiten dituen jardueren berri emango dio Josebari. Jendeak modu solidarioan ematen dituen arropak biltzen dituzte, egoera onean daudela egiaztatu eta paketeetan biltzen dituzte. Azkenik, errefuxiatu-esparruetara bidaltzen dituzte.

"Historias a Bocados" gaur  izango da ikusgai, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.