telebista
''El Conquis''en 8. atala
Kolpe latza urdinentzat, Carenek duelua galdu eta Palomak saioa utzi ondoren
EITB Media
Atabey taldeak berriz ere irabazi du immunitate jokoa, baina polemikaz inguratuta egon da. Arerioen hitzetan, ibilbidea mesedegarri zitzaien. Urdinak zazpi lehiakiderekin geratu dira, lur jota.
-
Caren eta Paloma "Conquis"eko lehiakideak. EITBren bideo batetik ateratako irudia
"El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren azken atal honetan kolpe latza jaso du Corocote taldeak, bi lehiakide galdu baititu. Carenek eta Palomak esana zuten aurretik abentura hau beraientzat gehiegitxo zela eta indar barik zeudela. Dena dela, aurrera egingo zutela agindu zieten taldekideei; baina, ez da horrela izan, ez da gutxiagorik ere. Txiletarrak aukera ikusi eta bere burua aurkeztu du duelura joateko, eta noski, guztiek izendatu dute. Bestetik, Palomak, duelura iritsi baino minutu batzuk lehenago, irmo zioen berak ez zuela sekula amore emango. Haatik, abentura uztea erabaki du, ezin zuela gehiago eta Caren lagunaren babes barik jarraitu nahi ez zuela argudiatuta.
Seletaren taldea kinka larrian dago. Zazpi lehiakide bakarrik gelditzen dira eta gainera lur jota daude, immunitate jokoan azkenak gelditu baitira Painoren erorikoaren ondorioz. Horri esker, Yocahu taldeak urdinak aurreratu ditu. Ez hori bakarrik, jokoan tirabira handiak izan dira. Talde gorriak eta urdinak ez dute ontzat hartu Atabey taldearen garaipena, haien ustez ibilbidea mesedegarri zitzaien. Hala ere, berdeek luze irabazi dute, abantaila handiarekin.
Badirudi gorriak azkenean indarberritzen hasi direla. Iluntasunean argi izpiak ikusten hasi dira. Kanpamendu oso txirotik atera dira, ez dute bilerarik egin behar izan, eta taldea oso batuta dago, Binbik dueluan lortutako garaipenari esker batik bat. Eskoriatzakoak dueluan buloi guztiak hartu zituen, eskailera igo eta banderatxoa jarri zuen. Garaipena handia izan da berarentzat, labirintoaren jokoan izandako akatsak utzitako arantza kendu du gainetik behintzat.
Bestalde, berdeek erakustaldi bikaina egin dute beste behin. Talde lanean ederto aritzen dira, baina elkarbizitzan ordea arazoak dituzte. Kexak eta gaitzespenak izaten dira sarritan, eta batez ere Andreak nahasten du giroa. Neskek ez zuten sua behar bezala zaindu gauez eta Andrea haserretu egin zen. Hondarribitarrak hori baliatu du kapitainari taldea behar bezala antolatzen ez duela aurpegiratzeko. Bien arteko harremana gaiztotu egingo ote da? Egoera honek eragina izango ote du hurrengo immunitate jokoan?
Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen, EITB Nahieranen app berrian eta EITB Mediako gainerako euskarri digitaletan ikus daitezke.