telebista
Txirrindularitza
Paris-Niza lasterketa, igandera arte, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak egingo dute denboraldiko etapetako lehen proba garrantzitsu honen kontakizuna.
-
Paris-Niza lasterketa, arratsaldero. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia
Txirrindularitza denboraldiari ekin zaio martxoaren 7an EITBn Paris-Niza lasterketaren emankizunarekin. Etapetako lehen proba garrantzitsuaren 79. edizioa martxoaren 14ra arte jokatuko da. Arratsaldero izango dugu ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, Fermin Aramendiren eta Xabier Usabiagaren kontakizunarekin.
Zortzi etapa izango ditu aurtengo edizioak, horietako hiru mendate gainean amaituko dira eta erlojupeko bat izango du. Lehen egunean, aldapaz jositako ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek Saint Cyr L'Ecolen hasi eta amaituko den etapan.
Bigarren etapak, Oinville-Sur-Moncienten hasi eta Amillyn amaituko dena, 188 kilometro izango ditu eta esprinterrentzat aproposa izango da. Hirugarren egunean 14,4 kilometroko bakarkako erlojupekoari egin beharko diote aurre parte hartzaileek Gien herrian. Maldan gorako amaierak lehen aldeak ezarriko ditu euren artean.
Laugarren etapa gorabeheraz jositako jardunaldia izango da. Chalon-Sur-Saone hirian abiatuko dira eta bidean zazpi mendateri egin beharko diete aurre. 1. mailako gain batean egongo da helmuga (Chiroubles).
Bosgarrena aurtengo etaparik luzeena izango da, 203 kilometro, Vienne eta Bolenne artean. Ibilbidea laua izango denez, esprinterrek erakustaldia egiteko aukera izango dute. Ostiraleko 6. etapa ere luzea izango da, Brignoles-Biot (202 km), baina gorabeheratsua.
Larunbatean etapa erregina jokatuko da. 166,5 kilometroko ibilbideak Niza eta Valdeblore La Colmiane mendatea lotuko ditu. 1. mailakoa da, 16 kilometro ditu, batez besteko % 6,2ko maldekin. Gainera, jardunaldiaren hasieran, 1. mailako beste gain bat igoko dute parte-hartzaileek: Col de Vence.
Azken eguneko ibilbidea laburra baina bizia izango da. Niza inguruetan jokatuko den etapako mendate nabarmenenak Côte de Peille eta Col d'Eze izango dira.
Lehen etapa 15:10etik aurrera jarraitu ahal izango dugu ETB1en eta eitb.eus-en. Gainerako etapen emankizuna 14:15ean hasiko da ETB4n eta "Gaur Egun" albistegia amaitutakoan, 15:10ean, ETB1era pasako da.