telebista
''El Conquis''en 5. atala
Herrantxik Saioa kanporatu du duelu polemiko batean
Gorriek irabazi dute idien immunitate jokoa Bekori eta Patxiri esker; berdeak izan dira bigarrenak, Bego eta Leire buru zituztela; urdinak, berriz, azkenak, Juanen eta Aitorren gidaritzapean.
-
Andrea eta Saioa. EITBren bideo batetik ateratako irudia
Atabey taldekoak ez dira garaiezinak. Saioa izan da "El Conquistador del Caribe" saioko bosgarren atal honetako kanporatua, eta ezin izan du ezer egin joko zikina eta liskarra protagonista izan dituen buloien hormaren dueluan. Talde urdineko Herrantxiren aurka aritu da, eta bergararra oso oldarkor aritu da duelura iritsi bezain laster. Are gehiago, hainbat istilu izan ditu Saioarekin, eta baita haren laguntzailearekin, Andrearekin, eta azken horrek gogor kritikatu du Herrantxiren jarrera. Kontuak kontu, duelua gehiegi izan da bientzat, eta Herrantxik ozta-ozta irabazi du, apur bat gehiago igotzea lortu duelako.
Errenteriarrak malko artean utzi du abentura, eta zalantzan jarri du Durana kapitainaren estrategia, "erdi-mailako lehiakideak" izendatzeko erabakia, hain zuzen. Horrez gain, taldekide askoren jarrera salatu du, duelura joan aurreko minutuetan kantuan aritu direlako pozik, berarekiko enpatiarik erakutsi gabe. Azken kanporaketa honek berdeen gainbehera ekar dezake? Lehia kanpamentu aberatsean hasi zuten, bai, baina orain ez dute hasiera batean zuten grina. Idien immunitate jokoa izan da horren erakusle. Bego eta Leire aukeratu dituzte idiak gidatzeko, baina ez dute aurrera egiterik lortu, eta, ondorioz, gainerako taldekideen kritikak jaso dituzte. Azkenean, Duranak lagunduta, Atabey taldekoek urdinek baino metro batzuk aurrerago egitea lortu dute, eta, hortaz, kanpamentu txiroan jarraituko dute.
Corocote taldea izan da jokoan azkena, eta bilera izan dute. Juan izan da hasieratik protagonista, zorabiatu egin baita, eta horrek gainerako taldekideen jomugan jarri du. Carenek izan ezik (Herrantxi aukeratu du), guztiek izendatu dute, jokorako boluntario aurkeztu eta gero jarrera eskasa erakutsi duelako, haien hitzetan.
Bosgarren atal honetako garailea, zalantza barik, Yocahu taldea izan da. Bolada txarrari buelta eman diote gorriek. Bekok eta Patxik idiak mendean hartu eta trebatu dituzte, eta zirkuitua bukatu dute. Ikurrina hartuta, kanpamentu aberatserako bidea hartu, eta bertako erosotasunez disfrutatzeaz gain, merezitako saria eskuratu dute gorriek: pizzak eta garagardoa.
Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EITB Nahieran atarian ikus daitezke.