telebista
Azaroak 20ko hauteskundeak
Hauteskunde gaueko emaitza eta informazio guztia, EITBn
A.E.
EITB
ETB, Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Euskadi Irratiko bereziak 20:00ak aurretik jarriko dira abian. Juxtu ordu horretan EITBrentzat egindako iritzi galdeketako emaitzak kaleratuko dira.
Datorren igandeko, azaroaren 20ko, hauteskunde gaueko emaitza guztiak emateko ahalegin handia egingo du EITBk. Kazetari, teknikari eta aditu talde zabala arituko da lanean Euskal Telebistan, Radio Euskadin, Radio Vitorian, Euskadi Irratian eta eitb.com-en, emaitza eta igandeko gako guztiak zuzenean eta berehala kontatzeko.
Hauteskunde saio bereziak zortziak baino lehen hasiko dira. Hauteslekuak isten diren unean, 20:00etan, hain zuzen ere, FORTArentzat eta RTVErentzat TNS Demoscopiak egindako iritzi galdeketako emaitzak kaleratuko dituzte. Lehen sondeoaren ondoren, 20:20etik 21:00etara, boto errealen kontaketa oinarri hartuta, beste prospekzio baten emaitza erakutsiko dute. Hortik aurrera emaitza ofizialak ematen hasiko dira.
eitb.com-ek, hauteskundeei jarraipen zabala egiteaz gainera, bigarrenez blogari taldeen topagunea antolatu du, maiatzeko hauteskundeetan egindakoaren arrakastaren ildotik. Blogari taldeak sarean oro har, blogetan eta twitter eta facebook sare sozialetan emaitzak eta informazioa nola jarraitu den ere kontatuko dute.
Saio bereziak ETBn eta emaitzak gau guztian ikusgai
Lan-talde zabala mugituko du ETBk. 200 lagunetik gora egongo dira lanean informazioa ahal den egokien eta azkarren eskaintzeko bost orduz. Zortzi unitate ibiltari erabiltzeaz gain, kazetariak izango dira albiste gune guztietan.
ETB-2n Estibaliz Ruiz de Azua, Africa Baeta eta Asier Odriozola izango dira albistegiaren gidariak. Saioa 19:20ean jarriko da abian. Hauteskunde emaitzekin batera, eguneko informazio orokorra eta kirol jardunaldiko azken ordua eskainiko dituzte.
ETB-2ko saioak bi analisi mahai izango ditu. 20:00etatik 23:00etara politikarien iritzi eta hausnarketa izango da: Oscar Rodriguez (PSE-EE), Iñaki Anasagasti (EAJ-PNV), Carlos Olazabal (PP), Javier Gabilondo (UPy D), Jose Ferrera (IU-Los Verdes Ezker Anitza) eta Abel Muniategi (Amaiur). Ondoren, berriz, azterketa soziologikoari ekingo diote. Iñaki Martinez de Luna eta Iñaki Elorriaga soziologoekin, Carlos Trevilla adituarekin eta Vicente de la Quintana politologoarekin.
Beste interes gune bat izango dute halaber gau guztian erredakzioan. Bertan Alfredo Retortillo politologoak emaitzak aztertu eta gaueko ardatzak emango ditu.
ETBko saio berezian, gainera, zuzeneko konexioek tarte nagusia izango dute. Euskadiko alderdien egoitzetan, Madrilen eta Nafarroan berria sortzen den lekuetan egongo dira.
Hauteskunde gaueko saio berezia amaitu ondoren, eitb.com-eko tickerra izango da ETB-2ko pantailan gau osoan eta hurrengo eguneko 'Egun On Euskadi' hasi arte, emaitza guztiak zehatz-mehatz ematen.
Xabier Usabiagak, Ander Arzakek eta Saioa Martijak gidatuko dute hauteskunde gaua 20:00ak baino lehentxeago ETB1en. Emaitzak minutuan ezagutzeko eta horiei buruzko azterketa eta gogoeta entzuteko aukera izango dute ikusentzuleek.
Aurkezleekin batera estudioan hiru soziologo izango dira: Eider Alkortak, Asier Etxenikek eta Felix Arrietak egingo duten datuen irakurketa politikoen analisiarekin osatuko da. Izan ere, Euskal Herriko lau talde politiko nagusienen ordezkariek zuzen-zuzenean jarraituko dute ETBko estudioetan hauteskunde gauaren nondik norakoak: EAJ-PNVko Josune Ariztondo, PSE-EEko Denis Itxaso, PPko Laura Garrido eta Amaiurreko Karmelo Landa eseriko dira mahai politikoan.
Eta gertatuko diren erreakzio guztiak ez galtzeko, kalean eta alderdien egoitzatan izango dira zuzenean, baita Barne MInsiteritzak datuak eskaintzeko aukeratu duen tokian ere, Madrileko Kongresu Jauregian. Saioaren amaieran norberak aukera izango du bere herrian botoa nola banatu den jakiteko. Izan ere, herriz-herriko datu guztiak eskainiko baititu ETB-1ek iruditan.
Radio Euskadi eta Euskadi Irratia
Euskadi Irratiak 19:30ean atariko bat egingo du, 19:50ean hasiko den irratsaio zabalaren aurretik. Pilar Goya buru izango du albistegi bereziak. Euskal alderdiek egun horretako hautatu duten egoitzetan egongo dira berriemaileak, eta, hortaz gain, Madrilen, PSOE eta PPren egoitzetan, Ferrazen eta Genovan. Halaber, emaitzen inguruko gogoeta eta azterketa Xabier Aierdi, Nerea Azurmedi eta Mikel Irizar Euskadi Irratiko ohiko solakideek egingo dute.
Dani Alvarez, Xabier Garcia Ramsdem eta Iñaki Gomezek gidatuko dute Radio Euskadiko tarte berezia 20:00etatik 00:00etara. Radio Vitoriak ere bat egingo du irratsaioarekin. Lan-talde zabala jardungo da bertan. Horrez gain, lau ordezkari politiko ere izango dituzte eurekin: Ricardo Gatzagaetxebarria, Alfredo Marco Tabar, Juanjo Aguirrezabala eta Javier Lasarte. Politikoez gain, Radio Euskadiko lau kolaboratzaile izango dituzte emaitza eta mapa politikoaren inguruan hausnarketa egiteko. Euskal alderdi politikoen bilgune nagusietan eta Madrileko PP eta PSOEren egoitzetan egongo da Radio Euskadi, nola ez, berehala handik berri emateko.
Partehartze tresna berria eitb.com-en
eitb.com-ek egun osoan jarrraituko du hauteskunde egunean jazotzen dena. ETB-1, ETB-2, Radio Euskadi eta Euskadi Irratiko albistegi bereziak eitb.com-en zuzenean emateaz gainera, ahalegin berezia egingo dute interneten punta-puntako informazioa eskaintzeko eta hauteskunde gauari bizi-bizi eusteko. Hartara, txio partehartze tresna berria erabiliko dute. Erabiltzaileek Facebook eta Twitter-eko pefilen bidez sartuta, euren iritzia emateko aukera izango dute.
Emaitzak herriz herri etengabe eguneratuko dira, gaueko gora beheren jarraipen estua eginez. Gainera, erabiltzaileek emaitzak herriz herri kontsultatzeko aukera ere izango dute.
Gaueko albiste, argazki zein bideo guztiak eskuragai izango dira 2011ko Hauteskunde Orokorren webgunean.