telebista
22:30ean
"LND" AEBko politikan murgilduko da 'El vicio del poder' filmarekin, gaur gauean
EITB MEDIA
Kapitolioari fikzioan eta bizitza errealean egindako erasoak errepasatzeaz gain, Diane Lane eta Tippi Hedren aktoreei buruz hitz egingo dute, aste honetan urteak betetzen baitituzte.
-
'El vicio del poder' filmeko irudia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Gaur, urtarrilak 19, "La Noche De.." saioak 'El vicio de poder' filma estreinatuko du telebistan. Felix Linaresek Ameriketako Estatu Batuetako politikagintzaren miseriak azalduko ditu, Oscar sarietarako 8 izendapen izan zituen pelikularen gauean. Dick Cheneyren benetako istorioa kontatzen du filmak; AEBko presidenteorde eta anbizio handiko gizona izateaz gain, manipulatzaile trebea eta eskrupulurik gabekoa da. Batzuen arabera, Donald Trumpen beraren aurrekari zuzena izan omen zen.
Gainera, urtarrilaren 20an, Joe Bidenek AEBko presidente kargua hartuko du, Donald Trump hautetsontzietan garaitu ostean. "LND" saioak, duela egun batzuk, Washingtongo Kapitolioan gertatutako erasoa ekarriko du gogora. Kongresuaren eraikinak beste jazarpen batzuk jasan ditu, bai bizitza errealean baita filmetan ere. Astearte honetan, Felix Linaresek fikziozko eta benetako erasoak errepasatuko ditu, eta baita datu harrigarriak eman ere.
Diane Lane eta Tippi Hedren aktoreei buruz ere arituko dira. Diane Lanek 56 urte beteko ditu egunotan. ¿Quién sabe dónde? atalean, antzezleari buruzko datu interesgarri ugari emango dituzte; adibidez, 14 urterekin Time aldizkariaren azala izan zela gogoratuko dute. Tippi Hedrenek, berriz, 91 urte beteko ditu, eta gertakari ugariz beteriko bizitza izan du; horietako batzuen berri emango dute Crónica de sucesos atalean.
"La Noche De... El vicio del poder", gaur gauean, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.