Itxi

telebista

Julian Iantzirekin

"Una Canción Para Nochevieja" saioa, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en

EITB MEDIA

Lehenengo "Vaya Nochevieja" umorezko saio berezia eskainiko da 21:45ean, eta 22:30etik aurrera musikaren txanda izango da, Julian Iantzik aurkeztutako "Una Canción Para Nochevieja" saioan.

  • Julian Iantzi

    Julian Iantzi. Argazkia: EITB Media

2020 honi agur esateko, EITBk programazio berezia prestatu du gaurko. Horrela, umorea eta musika izango dira gure pantailetako protagonistak ETB2n urteari amaiera emateko.

"Vaya Nochevieja"

Gau bereziarekin hasteko, 21:45 aldera, "Vaya Nochevieja" saio berezia eskainiko da "Vaya Semanita Xtream" saioaren umorearekin. Iker Galartza, Andoni Agirregomezkorta, Maribel Salas, Miriam Cabeza eta Lorea Intxausti aktoreek gaurkotasuneko gaiak jorratzen dituzten esketx ezberdinak antzeztuko dituzte, betiko asmo berarekin: egunerokotasunaz barre egitea eta gure inguruan gertatzen den guztia umorez islatzea.

"Una Canción para Nochevieja"

22:30ean, kanpaien aurretik, ETB2k eta eitb.eus-ek "Una Canción Para Nochevieja" saioa eskainiko dute, Julian Iantzik aurkeztuta, 2020ari amaiera polita eman eta urte berria itxaropenez hasteko.

2020 honetan une gogorrak bizi izan ditugu, eta hainbat arrazoi direla medio, elkartasunezko hamaika ekimen egin dira. Urtea modu berean amaitzeko asmoz, pertsona eta kolektibo ezberdinak abesti bakar batean elkartu eta urte berriari merezi duen moduan hasiera eman nahi dio saioak. EITB Maratoiaren aurtengo kausarekin bat egingo du eta, Maratoian erabilitako bertsoaren musikarekin, letra propioa sortuko dute eta denen artean abestuko dute bertso berezi hori. Letra erabat berria izango da, euskaraz, eta urte berriari eta egoera honetatik aterako gaituen itxaropenari egingo dio erreferentzia. Hori da Iantziren misioa, Euskal Herria zeharkatu eta talde ezberdinek abesti hori kantatzea.

Ibilbide horretan, protagonistek euskal geografiako leku esanguratsuetan interpretatuko dituzte abestiak, bai balio historikoagatik, bai edertasunagatik edo ikusgarritasunagatik.

Hauek dira parte hartuko duten talde eta kolektiboak, eta saioan abestu dutena: Bastidako Solaguen upategiko ardogileek Joan Baezen Gracias a la vida; Orioko Arraun Taldeko neskek Aldapan Gora; Gipuzkoako Garraiolarien Elkarteak Lau teilatu; Donostialdeko garbiketa zerbitzuak Din dan don Urte Berri On!; Zorion Egileor, Asier Oruesagasti, Miren Arrieta, Miren Gojenola eta Ander Azurmendi aktoreek Xalbadorren heriotza; Andoni Martinez tenoreak Imagine; Bilbotxeros musika taldeak Bilboko tabernariekin batera No puedo vivir sin ti; Eibarko Gazte Koroak, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo omenduz, Izotz ondoko eguzki; Getariako arrantzale eta saregileek Un velero llamado libertad; Ikerbasqueko laborategiko teknikariek Esperantzara kondenatua; eta Gasteizko musika Eskolako irakasle eta ikasleek Elurra teilatuan.