Itxi

telebista

22:15ean

'Crisis migratoria: la mafia siempre gana' erreportajea, gaur gauean, "360º" saioan

EITB MEDIA

Eider Hurtadok gidatutako taldeak negozioa egiteko migrazioaren krisiaz baliatzen diren hainbat sektore ikertuko ditu.

  • Eider Hurtado.

    Eider Hurtado. EITBren bideo batetik hartutako irudia.

Aurten 20.000 pertsona baino gehiago iritsi dira Kanarietara, ehunka pateratan banatuta. Kaiukoen krisia eta 14 urte beranduago, Kanarietako artxipelagoa Europako migrazio kudeaketaren gunerik garrantzitsuena bihurtu da. Gai horri helduko dio, hain zuzen ere, gaur "360º" saioak. 'Crisis migratoria: la mafia siempre gana' izenburupean, Eider Hurtadok zuzentzen duen lantaldeak Kanarietara bidaiatuko du Europara sartzeko atean zer gertatzen ari den ikertzera.

Horretarako, Txema Santana CEAReko bozeramailearekin hitz egingo dute, eta pandemiaren testuinguruan migrazio krisia nola egokitu den azalduko du, eta baita zergatik dauden Atlantikoan euren bizitza arriskuan jartzen duten milaka pertsona. Gehienak Kanarietara iristen dira, baina azpiegitura eskasa aurkitzen dute han. Daniel Arencibia abokatuak Arguineguingo kaian bizi izandako pilaketaren baldintzak aztertuko ditu.

Migrazioaren gorakadaren atzean milaka bizitza milioika eurorengatik aldatzen dituzten mafiak ezkutatzen dira. Said Tbel Giza Eskubideen aldeko Marokoko ekintzailea da, eta mafien jarduna eta mugako blindajeak mafietan duen zeregina aztertzen ditu. Horrez gain, Jose Luis Guedes poliziak azaldu du mafiek zergatik nahiago duten Atlantikoko bidea ustiatu, eta Daniel Arencibia abokatua migratzaileek eta haien senideek Europako lurra zapaltzea lortu dutenean jasaten dituzten estortsioei buruz arituko da.

Ohartarazi dutenez, ordea, irabaziak ez dira ibilbidearen mutur batean bakarrik gertatzen. Espainiako Gobernuak 6.000 migratzaile baino gehiago hartu ditu hogei bat hoteletan, eta zenbaitek salatu dute ostalariak egoeraz baliatzen ari direla. Salatu duten horien artean Onalia Bueno, Mogango alkatea, dago, eta migratzaileak dituzten hotelei isuna jartzeko asmoa azalduko du. Bestalde, Jose Maria Mañaricua bizkaitarrak, Las Palmaseko ostalarien presidenteak, baloratuko du irabazirik dagoen ala ez, eta Maialen Artetxe enpresariak zehaztuko du zenbat diru jasotzen duen pertsonako eta gaueko migratzaileak hartzen dituen bi hoteletan.

Migratzaileen krisiak testuinguru egokia sortzen du eskuin muturrarentzat. "360º"ko lantaldeak Kanaria Handiko bizilagunekin hitz egingo du, turismoaren beherakadaren eragina gogor jasaten ari baitira, eta diskurtso xenofoboa zabaltzen ari den aztertuko dute. Halaber, Teodoro Bondyale soziologoa elkarrizketatuko du saioak Kanariar Uharteak Lesbos berria bihur daitezkeen aztertzeko. Eta, azkenik, saioa istorioko protagonistetara hurbilduko da, Kanariar Uharteetara iristen diren migratzaileak, handik Europa kontinentalera igarotzen jarraitzeko.

'Crisis migratoria: la Mafia siempre gana' gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en, Eider Hurtadok aurkeztutako "360º" saioan.