telebista
Xabier Lete
"Ni Naiz Lete" dokumentalaren aurrestreinaldia, gaur, Bilboko BBK Salan
EITB
Ondoren, lana telebistan ere ikusteko aukera izango da, igandean, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.
Gaur "Ni Naiz Lete" dokumentala aurrestreinatuko da Bilboko BBK Salan, 19:00etan. Ondoren, lana telebistan ikusteko aukera ere izango da igandean, abenduaren 6an, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.
Istorioak azaltzeko bi modu daude; batzuk, pertsona baten kronologia eta gertakizunak, kontatzera mugatzen dira. Beste batzuk, ostera, pertsonaren kontzientziari, sentsibilitateari, espirituaren aldaketari, argitasunari, iluntasunari eta zalantzei buruz aritzeko konpromisoa hartzen dute.
Barrura begirako istorioak dira horiek, pertsona bere osotasunean, itzal eta argiekin, ulertzeko eta aztertzeko lana hartzen dutenak. Iban Gonzalezek zuzenduta, Baleukok EITBrentzat ekoiztu duen "Ni Naiz Lete" lana azken hauen artean kokatu dezakegu.
Bernardo Atxaga, Antton Valverde, Arantxa Lete eta Lourdes Otaegiren laguntzarekin, Xabierren udaberria, uda, udazkena eta negua errepasatuko ditugu, ikusleari sortzailearen mundu artistikoa zein intimoagoa ezagutzeko aukera emanez.
Baina beste edozeren gainetik, Lete omendu nahi du dokumentalak. Bere heriotzaren 10. urteurrenean herri honek izan duen artistarik handienetako bati eskerrik beroena ematea da asmoa.
Izarren hautsa, Itsasoan urak handi dire, Xalbadorren heriotza, Habanera, Ni naiz… asko dira Xabierrek herri honi egindako opariak, guztion oroimen kolektiboan gordeta dauden altxorrak. Lan honetan abesti horiek berriz entzuteko eta abesteko aukera izango da gaur egungo punta-puntako artisten ahotan, Eñaut Elorrieta, Inar Sastre, Joxan Goikoetxea, Arantxa Irazusta, Txema Garces, Pier Paul Berzaitz, Magali Zubillaga, Erramun Martirikorena, Ainara Ortega, Landarbaso abesbatza, Doctor Deseo edota Antton Valverdek bertsio bereziak egin baitituzte dokumentalerako.
Horrez gain, Kirmen Uribe, Karmele Jaio, Miren Amuriza, Toti Martinez de Lezea, Kike Amunarriz, Jon Maia, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Olatz Salvador, Ines Osinaga, Gontzal Mendibil, Xabi Solano, Mikel Urdangarin, Afrika Bibang, Pello Reparaz eta Miren Agur Meabe topatuko ditugu Xabier Leteren poemak errezitatzen.
Poeta, letragilea, sakona, musikaria, politikaria, pentsalaria, kritikoa, alarguna, gaixoa, zauritua, baztertua zein maitatua; beti ahots propioaren bila ibili ostean, orain dela 10 urte joan zen Xabier.
Aurrestreinaldia gaur izango da 19:00etan, Bilboko BBK Salan. Ondoren, dokumentala igandean emango da, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.