Itxi

telebista

Seguran

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 44. edizioa, gaur, "Oholtzan" saioan

EiTB

ETB1en izango da, 22:00etatik aurrera. Aurretik, zuzenean izango txapelketa ikusgai eitb.eus-en, 18:00etan. Hamalau bikote arituko dira nor baino nor gehiago.

  • Bi dantzari, Euskal Herriko Dantza Txapelketako artxiboko irudi batean.

    Euskal Herriko Dantza Txapelketako artxiboko irudia, EiTBren bideo batetik ateratakoa.

Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 44. edizioa jokatuko da gaur, urriak 17, Seguran. Hamalau bikote arituko dira nor baino nor gehiago Baratze pilotalekuan, 18:00etan. Jaialdia Izaro Iraetak gidatuko du, eta gauean izango da ikusgai ETB1en, 22:00etan, "Oholtzan" saioaren baitan. eitb.eus-en ere eskainiko da emanaldia, zuzenean streaming bidez, 18:00etan, eta baita "Oholtzan" saioaren emanaldian ere.

Iaz bezala, hamalau bikote arituko dira lehian Seguran, eta, aurten ere, horietatik hamahiru gipuzkoarrak dira; hamalaugarrena, berriz, bizkaitarra da. 2020ko edizio honetan ere nabarmentzekoa da azpeitiarren parte hartzea, Azpeitiko zortzi bikote arituko baitira: Maite Beobide - Mikel Subinas, Itziar Bastida - Anaitz Lizartza, Maider Arrieta - Jon Ander Iriondo, Laura Bastida - Ekain Uzkudun, Nagore Kerejeta - Aner Kerejeta, Elaia Elorza - German Aranburu, Leire Eizmendi - Gorka Kerejeta (Errezil-Azpeitia) eta Enara Arrizabalaga - Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia). Azken bi horiek ere, Azpeitia ordezkatuko dute.

Gainerakoak hauek izango dira: Katerin Artola - Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo, Lezo ordezkatzen), Saioa Galarraga - Julen Murgiondo (Bergara), Idoia Narbaiza - Irati Olaizola (Legazpi), June Elorza - Eneko Sarasua (Azpeitia-Azkoitia, Azkoitia ordezkatzen) eta Maitane Irurzun - Gorka Duran (Aduna-Villabona, Villabona ordezkatzen) izango dira. Azkenik, Maren Galvez - Gorka Granado (Lezo-Sopela) izango dira Bizkaitik joango direnak, Sopela ordezkatuko baitute.

Dantzariek zortzi pausoko fandangoa dantzatuko dute, txistuz lagunduta, Isilkara txistulari taldearen musikarekin, eta arin-arina trikitiaz, Estanga anai-arrebak trikitilarien piezarekin.

Epaimahaia Euskal Dantzarien Biltzarreko bost adituk osatuko dute: Josu Ibarra, Antton Mendizabal, Nahikari Vizuete, Rafa Salaberria eta Gabriel Alonso. Janzkera, berriz, German Nestares adituak epaituko du.

Iaz txapelketak garaikur berria estreinatu ostean, aurten ere Aitor Ruiz de Egino hernaniarrak aluminio galdatuz eginiko eskultura eramango du bikote irabazleak.

Izaro Iraetak aurkeztuko du txapelketa, eta Agustin Ezenarro kazetariak protagonistak elkarrizketatuko ditu. Halaber, Xabier Artolaren ahotsa entzungo dugu dantzariek egindako lanaren inguruko balorazioa egiten.

Epaimahaiak erabakia eztabaidatzen duen bitartean, Kukai Dantza Taldearen "Gelajauziak" ikuskizuna eskainiko da, Jon Mayaren zuzendaritzapean.