telebista
Telesail berria
"Altsasu" telesaila abenduaren 9an estreinatuko du ETB1ek eta eitb.eusek
EiTB
Altsasuko zortzi gazteen benetako historia azaltzen duen proposamen dramatikoak auzipetuen sentimenduei erreparatzen die.
"Altsasu" Euskal Telebistaren euskarazko fikziozko apustu nagusietako bat da. Denboraldi honetan izango dugu ikusgai Baleukok ekoitzitako telesaila, ETB1 eta eitb.eus-en. Altsasuko zortzi gazteen historian oinarritutako kontakizun askeak, batez ere, auzipetuen sentimenduetan egiten du azpimarra.
Telesail berriak lau atal ditu, eta Asier Urbieta proiektuaren zuzendariak sortu du.
Kuadrilla eta interes desberdinetako zortzi gazte, elkarren artean harreman sendorik ez zutenak, prozesu judizial batek katetuko ditu. Zerbitzuz kanpo zeuden Guardia Zibileko bi kiderekin taberna batean gauez izandako liskarra da auziaren jatorria; horren ondorioz, antolatutako taldea izatea leporatu zieten zortzi gazteei.
Dokumentazio ofizialean deskribatzen diren gertakariak eta une bakoitzeko kronikak dira kontakizunaren bizkarrezurra. Mundu arrotz batek ezustean harrapatutako pertsonaien bizitzako gorabeherak kontatu eta fikzionatu dira. Hala, gertatutakoaren inguruan ikusleen hausnarketa bultzatzea du helburu telesailak.
Aktore gazteak eta beteranoak
Gazteak eta beteranoak uztartzen dira telesaileko aktore nagusien artean. Batetik, Jon Olivares (Urko), Erik Probanza (Aitor), Nikola Zalduegi (Eki), Aia Kruse (Naiara), Asier Oruesagasti (Ander), Julen Jimenez (Gorka), Xabier Elizalde (Haritz) eta Ander Azurmendi (Jonmi) protagonista gazteak daude, eta zortzi auzipetuen rola egingo dute. Bestetik, Guardia Zibilak, Cristian Merchan (Carlos), Jorge Monje (Raúl) eta Yasima Drissi (Maria Isabel, Guardia Zibilaren neska laguna) izango dira. Aktore taldea osatzeko, berriz, aktore ezagun sorta: Jose Ramon Soroiz (Xabier), Miren Gojenola (Izaskun), Jose Ramon Argoitia (Joxe) eta Itziar Atienza (Leire abokatua).
Asier Urbieta telesailaren zuzendariarekin batera, Eider Gabilondo izan da ekoizpenaren zuzendaria, eta Harkaitz Canok, Mikel Alvarezek eta Andoni De Carlosek osatu dute gidoilari taldea.
Altsasuko hainbat toki izan dira filmazioaren gune nagusiak, baina Iruñean, Oiartzunen eta Segoviako kartzelan ere filmatu dute.