telebista
22:30etik aurrera
Sevillako jatetxe euskaldunak ezagutuko ditu, gaur gauean, "Juego de Cartas"ek
EiTB
Javi Sierra aurkezleak Sevillako lau jatetxe bisitatuko ditu: Oído Cocina, Zelai, Almansa eta La Escondida jatetxeak.
-
Javi Sierra Sevillan. EiTBren bideo batetik ateratako irudia.
Gaur gauean, "Juego de Cartas" saioak Sevillarako bidea hartuko du Guadalquivir hiriko euskal sukaldaritza ezagutzeko. Beste behin ere, lau jatetxek euren onena emango dute saria lortzeko helburuarekin.
Javi Sierrak ezagutuko duen lehenengo jatetxea Oído Cocina izango da, Jorge Sabidorena. San José de la Rinconadan dago, Sevillaren ondoan. Jorge Bilbon jaio zen, eta, 12 urte zituela, bere familia Sevillara joan zen bertan oraindik ikus daitezkeen hainbat "putxera" eramanda.
Santa Cruz auzoko Zelai jatetxea izango da parte hartuko duen hurrengoa. Xabier Lavado donostiarrarena da negozioa, hala ere, saioan Elvira Gomez, honen arduraduna, arituko da Zelai jatetxearen izenean besteekin lehian.
Santa Cruz auzotik irten gabe, Almansa jatetxea ezagutuko dugu. Javier Almansa Sevillako jatetxearen jabea da. Sevillar peto-petoa da Javier, nahiz eta Donostia ere bere bigarren etxea dela aitortu. Izan ere, Euskal Herriarekin duen lotura oso aspalditik dator.
David Garcia izango da lehiatzen azkena. Donostiarra da baita ere, Sevillako hegoaldeko La Escondida jatetxeko sukalde-burua. Davidek, gainerako partaideek bezala, euskal sukaldaritza ez ezik euskal produktuek ere Andaluzian ospe handia dutela erakutsiko digu, oro har, gero eta eskari handiagoa omen dutela Estatu osoan.
Sevillan, Euskal jatetxeen bila arituko da "Juego de Cartas", gaur gauean, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.